Monika Muñoz: "Autoa senarrarekin partekatzen dut: nik igoerak egiten ditut eta hark, rallysprintak"

Mireia Bikuña 2013ko mai. 21a, 02:00

Monika Muñoz (Oñati, 1975) ile-apaintzailea da. Hori da haren lanbidea, baina hilaren 11n Gorlako Igoeran Citroen ZX bat gidatzen ikusi zuten askok. Pilotua ere bada, eta senarrarekin partekatzen du zaletasuna. Baina ama ere bada. Bi alaba ditu: Naia eta Lur. Ezaugarri horiek guztiak batuta, ama ile-apaintzaile pilotu baten istorioa daukagu. 16 urterekin ikasi zuen gidatzen, baina iaz hasi zen auto igoeretan parte hartzen.

Gorlako Igoerarekin hasi duzu denboraldia, baina zorte txarra izan zenuen.

Bai. Entrenamenduan denbora ona egin nuen: 35. onena. Baina lehenengo mangan motorra apurtu nuen eta lasterketa bertan behera utzi behar izan nuen. Amorratuta irten nintzen autotik. Denboraldiko lehena zen, etxetik gertu, sentsazio onekin… Bidea ondo ikasteko entrenamendu asko egin arren, ezin izan nuen proba hasi ere egin.

2012ko Udanako Igoeran egin zenuen debuta gidari moduan, 37 urterekin?

Autoa erosi genuenean, zirkuituetan ibiltzeko asmoarekin erosi genuen: Mirandan, Los Arcosen… Zirkuitua alokatu eta autoan ibiltzeko aukera dago leku horietan. Baina, behin autoa erosita, igoeretan parte hartzeko gogoa piztu zitzaigun Jon Ander senarrari eta bioi. Eta Udanako eta Gorlako igoerak aproposak zirela pentsatu genuen: nik Oñatikoa eta senarrak Bergarakoa.

Oñatiko probarako bakarrik egin nuen federatu txartela. Orduan ere zorte txarra izan nuen: lehen txandan kolpe bat izan nuen; bigarrenean ez nintzen irten eta hirugarrenarekin ez nintzen gustura bukatu. Hori horrela, denboraldi osorako federatu txartela egitea erabaki nuen. 

Senarrak hainbat igoera egin zituen eta ondoren rallysprintak egiten hasi zen: Jon Ander gidari eta ni kopilotu. Laguntzaile lanak egiten ditut harekin.

Ze asmo dituzu aurtengo denboraldirako?

Udanako Igoera eta Urrakikoa egingo ditut. Arlabangoa ere begiz jota daukat, baina errepidea apurtuta dago eta ez dakit egingo den. Markinako rallysprintean parte hartu gura dut senarrarekin, baina zereginak aldatu egingo ditugu: nik gidari lanak egingo ditut eta hura laguntzailea, kopilotua izango da.

Autoa partekatzen duzue?

Bai. Nik igoerak egiten ditut eta senarrak, rallysprintak. Azken horietan biok joaten gara autoan.

Eta non sentitzen zara erosoen?

Zalantza barik, pilotu lanetan nago erosoen. Kopilotu modura gustura joaten naiz eta asko disfrutatzen dut. Baina gidariaren lekutik adrenalina askoz gehiago askatzen da. Ezin dira bi paperak alderatu.

Nondik datorkizu zaletasuna?

19 urterekin, Oñatin eta inguruetan egiten ziren auto-krosetan ibilitakoa naiz. Senarrak eta biok ikaskide izandakoak gara, eta autoekiko zaletasun berbera genuenez… Jon Anderrek aitaren auto zaharrak zituen baserrian, eta elkarrekin ibiltzen ginen gidatzen. 16 urterekin ikasi nuen gidatzen harekin.

Gurasoek lehen, eta alabek orain, zer esaten dizute?

Amak jakin zuenean, susto galanta hartu zuen. Zoratuta ote nengoen galdetu zidan. Baina ez gustatu arren, beti izan da jarraitzaile sutsua, eta parte hartzen dudan igoera guztietara joaten da. Alaba zaharrenak atsegin du autoen eta motorren mundua. Txikienari ez zaio batere gustatzen.

Euskadi Racingek egindako proba baten ere egon zinen.

Hala da. Automobilismoan ibiltzeko auto bat zuen Euskadi Racingek eta gidaria behar zuten. Hainbat gidari aukeratu zituzten proba egiteko, eta horietako bat ni nintzen, eta neska bakarra, gainera.

Nola prestatzen dituzu igoerak?

Inportanteena bidea, ibilbidea ondo ezagutzea da. Adibidez, Gorlakoa prestatzeko, gora eta behera ibili naiz etxeko autoarekin: errepidearen gorabeherak ikusi, bihurguneak non dauden eta nolakoak diren barneratu, abiadura neurtu… Hori izaten da prestaketa onena.

Bestalde, autoaren egoera zein den jakiteko, Mirandako zirkuituan egon ginen. Han probatu genuen autoa.

Rallysprintak beste modu batera prestatzen ditugu: kopilotuak badauka errepidearen gaineko informazioa, eta momentuan esaten dio gidariari zer egin behar duen.

Zuek egiten dituzue mekanikari lanak?

Bai. Autoa erosi genuenean, igoeretan parte hartzeko nahikoa prestatuta zegoen. Gure beharretara egokitu dugu, eta guk konpontzen dugu.

Kirol garestia da?

Norberak gura duen beste garestia izan daiteke. Norberak ipintzen du muga: nolakoa autoa, ze ekipamendu, arropak… Guk badakigu non dagoen gura aurrekontua. Autoak zaletasuna dira guretzat, baina beste hainbat gauza ere baditugu.

Zer sentitzen duzu igoera hasteko gertu zauden unean?

Urduritasuna eta lasaitasuna, aldi berean. Autoak pasioa izan dira niretzat. Asteko tentsio guztiak askatzeko aukera ematen didan kirola da.

Txikitako ametsa bete duzuela esango zenuke?

Bai. Askotan amestu izan dugu autoa erosi eta igoeretan parte hartzeko aukerarekin. Orain, bete egin dugu ametsa. Biok elkarrekin lehen lasterketa egin genuen eguna gogoratzen dudan bakoitzean, oilo ipurdia jartzen zait.

Emakume bakarra zara zirkuituan?

Bai. Gorlan beste neska pilotu bat egon zen, baina, normalean, ni bakarrik ibiltzen naiz. 

Eta zer moduz gainerako pilotuekin?

Ondo hartu nautela esan beharra daukat. Arlo guztietan moduan, beti dago norbait harrera hotza egin izan didana, baina, oro har, laguntasun handia jaso dut gainerako gidariengandik. Hasieratik. Ezaguna izan edo ez. Oso gustura egon naiz probetan.

Abiadura gustuko duzu?

Lehiatzeko orduan bai. Horregatik aukeratu dut zaletasun hau. Baina etxeko autoarekin nabilenean, arauak errespetatzen ditut. Askok uste dute pilotua izateagatik zoroen pare ibiltzen garela errepidean. Batzuk, akaso, horrela ibiliko dira, baina ezin gaituzte pilotu guztiak zaku berean sartu. Izan ere, abiadura lehiatzeko da, ez egunerokotasunean ibiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak