Zapatuan, hilak 18, Plazara ekimena deitu du Herrira mugimenduak presoen eskubideen alde eta salbuespenezko espetxe politikaren kontra, eta dinamika horren baitan hainbat ekimen antolatu dira herri desberdinetan. Oñatin pentsatu zen presoen egoeraz hitz egitea eta senideen ahotsa entzutea eta atzo testigantza horiek eman zituzten preso baten senide izateak dakartzan eraginei buruz mintzatzeko.
Oztopoak
Nagore Lopez de Luzuriagak, esaterako, bere esperientzia kontatu zuen eta azaldu zuen presoen senideek mota askotako zailtasunak dituztela. Lau nabarmendu zituen: dispertsioak dakartzan oztopoak, zailtasun psikologikoak, fisikoak eta eremu familiar sozialekoak.
Dispertsioari dagokionez esan zuen egin beharreko kilometroez gain, kostu ekonomikoa ere suposatzen duela eta bizitza moldatu beharra ere aipatu zuen. Oztopo psikologikoei buruz esan zuen behar adina errekonozituta ez dagoen sufrimendua jasna behar izaten dutela eta askotan isilean eramaten dela. Fisikoki ere izugarrizko eragina izaten duela kontatu zuen Lopez de Luzuriagak, izan ere, horrenbeste urte errepidean baldintza horietan ibiltzeak, tentsioan eta nekean eragina duela azaldu zuen. Eta eremu familiar sozialean, berriz, jendeari eskaintzeko denbora gutxiago, harremanetan zailtasunak eta ez ulertuaren sentsazioa azpimarratu zituen.