Bihotz zuri-urdina bai, baina galiziarra

Arritxu Barruso 2013ko maiatzaren 10a

Bi oñatiar taberna batean futbol partidua ikusten eta Coruñako Deportivoren golak ospatzen. Bitxia, ezta? Iker Altzelai eta Igor Otamendi dira, nortzuk bestela! Oñatiko bi gazte horiek txiki-txikitatik daramate bihotzean Galiziako talde zuri-urdina.

Askok pentsatuko dutenaren kontra, ez dute inolako loturarik Galiziarekin edo Coruñarekin; hori baino bitxiagoa da bi oñatiarren eta talde galiziarraren arteko loturaren zergatia. Bebeto jokalari brasildarra ei da arrazoia: "1993-94 inguruan hasi ginen Deportivoren ibilbidea jarraitzen, Bebeto jokalaria asko gustatzen zitzaigulako. Handik urte batzuetara brasildarrak taldea utzi zuen, baina guk Deportivorekin jarraitu genuen", kontatu digu Iker Altzelaik. 

Eta are harrigarriagoa da jakitea Deportivok batu zituela Altzelai eta Otamendi. Hau da, ikastetxe ezberdinetan ikasitakoak dira eta lagun-talde ezberdinetan ibilitakoak: "Nor bere aldetik hasi zen Deportivo jarraitzen. Elkarren berri izan genuenean, partiduak elkarrekin ikusten hasi ginen. Gaur egun ere horrela egiten dugu, Celtaren kontrako derbiak edo partidu garrantzitsuak ikusteko elkartzen gara. Urretxun ere badugu Deportivokoa den lagun bat eta hura ere batzen da askotan bazkari, afari eta ospakizunetara".  

Realzaleen adar-jotzeak

Bihotza zuri-urdina duten arren, ez dira Realzaleak. Talde bakarra jarraitzen dute eta hori Deportivo dela kontatu digute. Horrek, baina, makina bat adar-jotze jasan beharra ekarri die: "Realzale dezente ditugu inguruan. Oso bolada ona izaten ari dira eta gu, berriz, ez gabiltza oso ondo. Behin eta berriz esaten digute ea noiz utzi behar dugun Deportivo eta Realzale egin".  

Bada, galiziarrek Realaren kontra jokatuko dute Ligako azken partidua eta bi oñatiarrak itxaropentsu daude: "Partidu garrantzitsua izango dela dirudi. Realak oso talde sendoa dauka, baina guk ere baditugu gure armak. Gainera, Reala talde laguna daukagu, eta, guk behar handiagoa dugunez, lagunduko diguten esperantza ere badaukagu". Umore onarekin diote bigarren mailara jaitsiz gero Huesca, Miranda eta Guadalajarako mapak ateratzen joan beharko dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak