Teknologia ere gutxituen alde, erakundeen eskutik

Leire Kortabarria 2013ko maiatzaren 8a

Gutxitasun batekin bizi izatea, beste gauza batzuen artean, garestia da. Eguneroko bizitza ahalik eta ondoen egin ahal izateko, gutxitasunen bat edo mendekotasunen bat dutenek laguntasuna behar izaten dute; kasu batzuetan, beste norbaiten laguntasuna, eta, beste batzuetan, laguntza tekniko bat.

Laguntza tekniko -laguntzeko teknologiak da beste izen bat- esaten zaie gauza jakin batzuk egiteko modua emateko propio eginda dauden produktu batzuei eta, produktu horiek gabe, zeregin jakin hori ezinezkoa edo oso zaila izango litzatekeen jendeari daude zuzenduta. Mota askotako produktuak dira: dispositiboak, ekipamendu oso bat, tresnak, teknologia eta programa informatikoak. Gutxitasunak prebenitzeko, konpentsatzeko edo haien eragina kentzeko edo leuntzeko balio dute, eta gutxitasuna duenari bizitza erraztu eta gizartean parte hartzen laguntzen diote. Askok uste dezaketenaren kontra, gainera, laguntza tekniko horiek ez dira bakarrik jaiotzez edo berez gutxituak direnendako; gaixotasun larri edo kroniko baten ondorioz, adinarengatik, edo bestelako arrazoi baterengatik bizitzako une baten edozeinek izan dezake horien beharra.

Zama ekonomikoa 

Baina laguntza teknikoak garestiak dira. Hori ondo dakite Oñatiko Trauti elkarteko kideek, izan ere, askotariko gutxitasunak dituztenek eta horien senideek osatzen dute berau. Hori horrela izanda, Trautiko kide gehienen eguneroko bizitzaren zati bat dira laguntza tekniko horiek. Trautiko sortzaile eta kide Rafael Kortabarriaren esanetan, gurpildun jesarleku on bat 12.000 euro baino gehiago kostatu daiteke. Hori baino gauza merkeagorik badago, jakina; baina norberak laguntza tekniko bat baino gehiago behar izaten duela kontuan hartuta, azkenean faktura handia izan daiteke.

Bada, zama ekonomiko hori ahal den neurrian arintzeko modua dago, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak doan ematen ditu laguntza teknikoak horien premia dutenei, premia hori egiaztatu eta gero. Laguntza ailegatu arte, edo urgentziazko kasuetarako, Oñatiko Udalak uzten dizkie interesatuei berak aurten erosi dituen laguntza teknikoak. Hala, aurten, hiru ohe artikulatu (horietako bat, jasotzeko gurdiarekin); zaurien kontrako koltxoiak; gaixoak mugitzeko garabiak; bira ematen duten jesarlekuak, bainuontzirako; eskailerak igotzen laguntzen duten tresnak eta beste laguntza batzuk erosi ditu Udalak, eta 11.000 euro gastatu ditu horretan.

Udalak emandako prezioak hauek dira: ohea eta koltxoia, 700 eta 800 euro artean; luzaroan etzanda egoteagatik zauririk ez egiteko koltxoia, 120 euro; garabia, 1.200 eta 1.900 euroren artean; eskailerak igotzeko beldarra (oruga), 5.000 euro; bainuontzirako jesarlekua, bira ematen duena, 150 euro; gurpildun jesarleku elektrikoa, 4.000 eta 6.000 euro artean; eta jesarleku bereziak, 1.200 eta 4.000 euro artean. Horiek dira Foru Aldundiak ematen dituen tresnen prezioak. Dena dela, beharrak adinako laguntza tekniko motak daude, eta guztiak ez dira Foru Aldundiaren katalogoan sartzen; hala, Rafael Kortabarriak dioskunez, ordenagailuan irakurtzeko programa berezi bat, ONCEko afiliatuendako, 895 euro kostatzen da. "Oso garestia da; baina horiek ez dira kontsideratzen laguntza tekniko", diosku Kortabarriak.

Tresna gehienak, utzita 

Laguntza teknikoak eskatu diezazkioke Foru Aldundiari beharra duenak. Oñatiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek prozedura azaltzen digute: "Itxaron-zerrenda dago eta lau eta sei hilabete artean itxoin behar izaten da, presazko prozedura ematen ez bazaio, hau da, bat-batean norbaiten egoera aldatu bada –tronboa izan badu, adibidez". Itxaronaldi horrek dirauen bitartean, interesatuak Oñatiko Udalari eska diezaioke laguntza tekniko bat uzteko. Foru Aldundiak emandakoa jasotzen duenean, maileguan hartutako laguntza teknikoa Udalari bueltatzera konprometitzen da hasieran erabiltzailea. Bestalde, laguntza teknikoa presazkoa baina denbora txikirako baldin bada ere Udalak uzten dio berau interesatuari. Edozein kasutan ere, Udalak Foru Aldundiari jakinarazten dio bere laguntza teknikoren bat uzten duen bakoitzean.

Eta, datuen arabera, jende askok behar ditu laguntza tekniko horiek. Hala, Oñatiko Udal Gizarte Zerbitzuek dauzkaten laguntza ia guztiak emanda ditu momentu honetan. Zehazki, hauek ditu emanda: bi ohe eta bi koltxoi (bakoitza berearekin); denbora luzean etzanda egon behar direnendako, zauririk ez egiteko bi koltxoi; garabia; eta ospitaleko lau ohe, horietako bi jasotzeko karroarekin eta urrutiko kontrolarekin. Oraintxe jaso du bueltan bira ematen duen jesarlekua, dutxarako. Horrez gain, utzita dauzka ere bi baranda; horiek ez ditu Foru Aldundiak ematen, baina bai Udalak.

Bestetik, ez Udalak ez Foru Aldundiak ez dute normalean diru-laguntzarik ematen, salbuespen batzuekin: Foru Aldundiak laguntza ekonomikoa onartzen du bakar-bakarrik eskatutako laguntza teknikoa ez badu biltegian eta oso pertsonala denean: adibidez, entzumen-protesia.

Erakundeen babesak aurrera jarraitzen du, krisian gauden arren: hala, Oñatiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek dioskutenez, laguntza tekniko batzuk eskaintzatik kendu zituen Foru Aldundiak iaz, baina ez dira beharbada laguntza-mota garrantzitsuenak: ohetik jaikitzeko triangelua eta baranda kendu zituen.

ICOren maileguak zeuden 

Merkatuan denetariko laguntza teknikoak dauden arren, normalean jendeak laguntasun handiena behar izaten du ohetik jaikitzeko, bere burua garbitzeko, ibiltzeko… Bainugelako gauzak egiteko, batzuetan barrera arkitektonikoak kentzea izaten da bide bakarra. Bada, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunek diotenez, "bainugelako barrera arkitektonikoak kentzeko ondo aztertzen dute, batetik, gutxituaren egoera eta, bestetik, bainugelan egin daitekeena; bainugela guztietan ezin daiteke gauza larregi egin". Trautiko kideek baieztatzen dute hori: etxebizitza osoan egin behar badira egokitzapenak, horretarako "dirulaguntza gutxi" dagoela dioskute.

Beste finantzazio eta laguntasun iturri batzuk itxi egin direla kontatzen digute Trautiko kideek. Rafael Kortabarriak dioen moduan, "lehen bazegoen aukera ICOren diru-mailegu batzuk lortzeko; horiekin, laguntza teknikoak norberak erosi, faktura aurkeztu eta bankuak ordaintzen zuen, eta mailegu hori bueltatzeko hiru urte zeuden, hilero kuota txikiarekin. Baina hori ere bukatu zen".

Hobekuntzak izan dira 

Etxe barruko edo kanpoko oztopoak desagertu daitezen lanean jarraitzen du Oñatiko Trauti elkarteak. Orain arte, Udalarekin elkarlanean, herriko zenbait leku hobetzea lortu dute: besteak beste, losatan zeuden edukiontziak kentzea; San Miguel Parrokia inguruko argiak kentzea (gutxi ikusten dutenak itsutu egiten zituztelako); Antixena jauregira igotzeko Kale Barriko eskaileretan baranda ipintzea; Arantzazuko Ama kalea zabalagoa egitea; edo Sancti Spiritus Unibertsitateko klaustrora bi sarreretatik gurpildun jesarlekuan sartu ahal izatea.

-----------------

Berezaon, oinezko guztiak babestuta

Oñatiko Udalarekin hilean behin batzartzen dira Trautiko kideak. Herrian topatu zituzten zuzendu beharreko 27 muga edo barrera arkitektoniko, eta horiek konpontzen ahalegintzeko batzartzen dira. Orain azkeneko, Berezaon, Natra inguruan dagoen oinezkoendako ibilbidean buruz behera jarritako U antzekoak ipini ditu Udalak. Trautik azpimarratzen duenez, "babes hori ez da bakarrik gutxituondako, oinez doazen guztiendako baizik", eta eskerrak ematen dizkiote Udalari obra hori egitearren.

-----------------

656 71 10 00

Mugitzeko arazoak edo gutxitasunak dituztenei dei egiten diete Trautik eurekin bat egin dezaten. Urteko kuota 5 euro da. Orain, 20 bat lagun dira. Posta elektroniko helbidea hau da: trauti@terra.com.

-----------------

Eguneroko gauza txikiak

Laguntza tekniko batzuk denok ezagutzen ditugu, baina badaude eguneroko bizitza asko errazten duten beste laguntza mota asko. Izan ere, gaixotasunen baten, adinaren… ondorioz galdutako burujabetza neurri handi baten berreskuratzeko aukera ematen dute tresna horiek.  Norbera garbitzeko eta apaintzeko, janaria prestatzeko edo jateko, deskantsu uneetarako, denbora libreko ekintzetarako, etxeko eguneroko gauzetan norbera hobeto moldatzeko… eguneroko bizitzako arlo guztietan norbera bere kabuz ibiltzeko modua ematen duten tresnak daude aukeran merkatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak