Bertan ikasle izandako 150 lagun batu dira Arantzazun

Julen Iriondo 2013ko maiatzaren 5a

III. Arantzazu eguna egin dute gaur, eta giro ederrean pasa dituzte ordu batzuk kasu askotan urte luzez elkar ikusi gabe egondako hainbat eta hainbat lagunek. Gogoetarako saioa, meza, bertsoak eta kantuak eta bazkaria izan dituzte.

 

Harridura keinuz lagundutako agurrak, garai bateko kontuen gaineko solasak eta etorkizunean elkarren berri sarriago izaten ahalegintzeko promesak. Osagai horiek izan zituen Arantzazu Eguneko aurtengo ospakizunak, aurrez egitarauan zehaztuta zetozenekin batera.

Izango dira 1.000 inguru Arantzazuko seminarioan ikasten ibili eta oraindik bizi diren lagunak, eta horietatik 150 bat izan ziren domekan –denengana iristeko zailtasunak aitortu zituen Iñaki Beristain frantziskotarrak, datu faltagatik–.

Mahai-ingurua egin zuten aurrena eta garai desberdinetako ikasle ohiek han jasotakoa azaldu zuten: "Ikasi zutela ikasten" izan zen askok nabarmendutakoa. Meza egin zuten ondoren; hainbatek tragoxka bat hartzeko edo inguruko bazterretan berriz ibiltzeko aprobetxatu zuten tarte hori, eta elizakoak amaitzean Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok bertsotan egin zuten, eta Jon Enbeitak kantuan, gitarrarekin. Egiten zuen giro ederrarekin, gustura egon ziren entzuten, festara joandakoak eta han zebilen beste hainbat.

"Oso egun gozoa doa; aspaldi eduki dugun ideia onenetakoa izan da hau antolatzea", zioen Beristainek, ospakizun amaierako bazkaritara joan aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak