Oñatiko Udalak enpresen ahalmenak eta gaitasunak aztertuko ditu

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko maiatzaren 3a

Oñatiko Udalak herriko enpresa nagusienekin batzarrak egin ditu horien egoera aztertu eta elkarlanerako espazioak bilatzeko. Behin bilerok bukatuta,  joan zen martitzenean topaketa egin zuten udal ordezkariek eta enpresetako ordezkariek. Orain, bigarren fasea hastekoak dira.

Debagoieneko Mankomunitateak eskualdeko diagnostiko sozioekonomikoa egin zuen iazko udazkenean, eta baita industri garapenerako proiektu posibleen azterketa ere. Bada, Oñatiko Udalak herriko enpresa nagusienetan aurkeztu ditu bi txosten horien emaitzak. Gainera, enpresa bakoitzaren egoeraz eta enpresek dituzten perspektibez ere arduratu dira udal ordezkariak.

Bigarren fasea abuzturako amaitzea gura dute

Behin lehenengo fasea bukatuta, orain bigarren fasearekin hastekoak dira Oñatin. Martitzenean egin zuten batzarrean hurrengo fasea nondik nora abiatu eta egin behar dituzten urratsak zeintzuk izango diren zehaztu zituzten. Orain arte ehun industriala aztertu dute, eta orain gaitasun eta ahalmenak aztertuko dituzte, teknologia, produktu eta merkatu alorrean. Kanpo enpresa baten laguntza izango dute horretarako.

75 mila euro aurreikusi dute

Oñatiko Udalak, gainera, 75 mila euroko partida bat aurreikusi du aurrekontuetan garapen endogenoan oinarritutako tokiko garapenera bideratzeko. Datorren astean hasiko dira bigarren fasearekin eta abuzturako bukatuta izatea espero dute.

Oñatiko Udalak, bere aldetik, eskerrak eman gura izan die bileretan parte hartu duten enpresei, garai txar hauetan elkarlanean aurrera egiteko erakutsi duten prestutasunagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak