Arrikrutz-Oñatiko kobak eta Txanda merkatarien elkarteak elkarlanean antolatutako egitasmoa da. Fosilak ezagutaraztearekin batera, jolas baten bitartez jendeak herriko dendak ere ezagutuko ditu. Txandako kide den Amaia Igartuaren hitzetan "Honelako ekintzek, Oñatiko dendek eskaintzen dugun guztia erakusteko balio digute". Ander Moraza Arrikrutzeko gidak ere antzerako iritzia dauka "geologiarekin zerikusia duten gauzak ikasteaz gain, jendeak Oñatiko dendek duten guztia ezagutzeko aukera izaten dute".
Fosilak ezagutzeko jolasa
Ume eta helduek parte har dezakete jolas horretan. Txandako dendetan, Arrikrutzen eta Turismo Bulegoan kartoi batzuk egongo dira eskura, eta kartoi hori beteta entregatu behar da hilaren 18a aurretik Turismo Bulegoan edo Arrikrutzen. Bete beharreko galderak dendetako erakusleihoetan ikusgai egongo diren fosilen inguruko galderak dira. Eta erantzunak, erraz topatzekoak. Izango ere, fosil bakoitzaren ondoan berari buruzko informazioa jasotzen duen testu bat egongo da-eta. 34 dendez gain, turismo bulegoan eta Arrikrutzen ere fosil bana izango dute.
Galderei erantzun ondoren, jokalariak hamar dendatan sartu beharko du, kartoiari balioa emango dion kontrol-zigilua jartzeko. Zigilez gain, erantzun orriko galdera guztiak ongi erantzuten dituztenek lepotik zintzilik eramateko marrazo baten hagin bat izango dute opari. Horrez gain, Madagaskarreko zuhaitz baten enborraren fosil baten zozketan hartuko dute parte.