Ikasle ohien omenezko Arantzazu Eguna

Mireia Bikuña 2013ko maiatzaren 3a

'Nik Arantzazun ikasi nuen' lelopean mahai ingurua, elizkizuna eta bazkaria izango dira domekan, hilaren 5ean. II. Arantzazu Eguneko ospakizunetan, seminarioan ikasi zutenek parte hartuko dute. 1897tik 1990era arte Arantzazuko seminarioan fraide izateko ikasketak aukeratu zituzten mutikoak 3.265 izan ziren. Horietako batzuk elkartuko dira.

1990ean itxi zituen ateak Arantzazuko seminarioak. Orduko eraikinetik ez dago arrastorik egungo Arantzazun. Akaso, Gandiaga Topagunearen barruan dauden pilotalekuetan har daiteke 70eko hamarkadako usaina. Aisialdirako eta kirola egiteko erabiltzen zituzten frontoiak, eta baita Arantzazura heldu aurretik frantziskotarrek zituzten futbol zelaiak. Gune haietan hartzen zuten atseden fraide izateko ikasketak aukeratu zuten mutikoek. "Arantzazukoa barnetegia zen. Eskola asko eman eta hartzen genituen. Domeka arratsaldeetan ere, ikasi egiten genuen". Berba horiekin gogoratzen du seminarioko jarduna Iñaki Beristainek. 

Seminarioko pareta horien barruan bizi izandakoak eta ikasitakoak gogora ekartzeko, Arantzazuko ikasle ohiek topaketa egingo dute domekan (ikus beheko egitaraua). Nik Arantzazun ikasi nuen lelopean, III. Arantzazu Eguna ikasleen omenezkoa izango da. 150 bat ikasle espero dituzte, baina Arantzazuko seminarioaren historiak beste datu batzuk erakusten ditu: 1897. urtetik ateak itxi zituen arte 3.265 mutikok ikasi zuten han. Gehienak, gipuzkoarrak (1.765), bizkaitarrak (832), nafarrak (203) eta arabarrak (191). "Baina hemendik kanpoko fraidegai asko egon zen Arantzazun. Batez ere, fraide komentuak zeuden probintzietatik etorritakoak ziren: Errioxa, Burgos, Soria eta Valladolid", esan digu Beristainek.

Ikasleen profilari buruz 

1922an, fraidegaiak hezteko Eskola Serafikoa izatera pasa zen Arantzazuko seminarioa. Garai hartan, Giza Zientzietako bost ikasturte eskaintzen zituen, eta latina zen ikasgai nagusia. Gainera, ez zituzten edozein eskolatan ematen ziren ohiko ikasgaiak bakarrik ematen: erretorika-eskolak eta literatura emanaldiak oso ohikoak ziren Arantzazun. Urte haietan nabarmen hazi zen ikasle kopurua, eta, eraikina txiki geratu zenez, Foruan (Bizkaia) beste zentro bat egin zuten. Arantzazun frantziskotar izateko beharrezko formazioaren lehen hiru ikasturteak eskaintzen zituzten; azken biak, Foruan. 

1922tik 1968ra arte seminarioko fraidegaiak landa-guneetatik edo hiritartzen ari ziren guneetatik zetozen. Euren gurasoak nekazariak ziren edo maila ekonomiko xumeko industria-langileak, eta sei seme-alaba zituen familia sinestuneko kideak. 

1968an Eskola Serafikoa  frantziskotarren seminario bilakatu zen, eta ikasleen profila erabat aldatu zen: gazte haiek bi seme-alaba zituzten familietako kideak ziren eta gurasoen interesei kasu eginez aukeratzen zituzten fraide izateko ikasketak, ez horrenbeste bokazioari. Han hasi zen seminarioaren gainbehera. "Ibilbide erlijiosoarekin jarraitzeko azken erabakia hartu behar zutenean, inork gutxik egiten zuen aurrera. Gainera, 1990ean, LOGSE legea indarrean jarri zuten. Horrek ikasle kopuruaren eta eraikinaren horniduraren inguruan hainbat aldaketa egitera behartzen zuen, eta seminarioaren itxiera azkartu zuen", esan digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak