Ekoizleak eta herritarrak, gustura Murgialdaiko txakolinarekin

Leire Kortabarria 2013ko apirilaren 28a

Freskoa, bere fruta-zaporearekin, txispa pixka batekin eta garraztasun orekatuarekin: horrelakoa da, egileen esanetan, gaur eguerdian aurkeztu duten Murgialdai baserriko txakolina. Murgialdaiko familia osoa eta haien lagun asko ibili dira ekoizte-lanetan, eta aurkezpenera ere jende asko joan da. Bukaeran, Murgialdaiko ardoa edan dute gehienek, pintxo goxoekin lagunduta.

Oñatiko baserri askotan egiten zen moduan, Murgialdain ere txakolina egiteko ohitura zegoen, aspalditik, baina utzita zeukaten, azken urteotan berriz heldu dioten arte. Txakolinak Getariako izendapena dauka eta asmoa da Oñatiko taberna eta jatetxeetan ipintzea salgai, oraingoz.

Aurkezpena gaztelekuan egin dute, eta ekitaldiaren zati bat izan da Jose Felix Diaz de Tuesta arrasatearrak egindako argazkiek osatutako diaporama baten emanaldia, ekoizpen-prozesuaren nondik norakoak azaltzeko. Murgialdaiko baserritarrak eta haien lagunak agertzen ziren argazki gehienetan, ekoizpen-prozesu horren protagonistak eurak izan dira-eta.

Bukaeran, gaztelekura joan den jende guztiarendako pintxoak eta tragotxoa eman dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak