Herriko erdigunean kokatutako sei musika gunetan banatuta, askotariko musika estilotako emanaldiak, dantzak eta bestelako saioekin gozatzeko aukera eman zuten, gehienbat Euskal Herritik baina baita Estatutik (Toledo eta Granadatik, esateko) etorritako 50 musika eskoletako 3000 musikari gazte zein helduek. Prestatutako eszenatokiez gainera, edozein izkina zein aterpe balekoa zuten artistek aurrez ondo entseatutako kantuak jo edo dantzak egiteko; horiek guztiak, kultura gosez Oñatiko kaleetan bildutako herriko zein kanpotik etorritako musikazaleen gozamenerako.
Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, 'Musikari' kantuaren estreinua
Iban Garate aktoreak umorez gidatutako aurkezpen ekitaldiak abiatu zuen egun osoko egitaraua goizeko 10.30etan herriko plazan egin zuten ekitaldi ofizialarekin. Musika Eskoletako ordezkariez gainera, hitza hartu zuten gero, besteak beste, Mikel Biain, Oñatiko alkateak eta baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta kultura sailburuak, Kristina Uriatek ere. Biek ala biek, horrelako ekitaldien beharraz eta garrantziaz jardun zuten, antolatzaileen lana eskertu eta goraipatuz. Uriartek, ilusio handiarekin hartu zuen buru den departamentuari Musika Eskolen Elkarteak emandako Ohorezko bazkide titulua eta oparituta Ohorezko Batuta.
Berbaldi ofizialen ostean etorri zen esperotako une kutsunenetako bat, hain zuzen ere, Oñatiko Musika eskolako ikasle ohi diren Lander Diaz de Gereñuk eta Egoitz Aizpuruk espresuki jaialdirako egindako Musikari kantuaren estreinaldia. Taularen gainean ziren musikari oñatiarrek eta baita plazan zabaldutako gainontzeko musikariek ere gogoz kantatu eta gogor astindu zituzten eskuetan zituzten tresnak, musikaren onurak goraipatzen dituen abesti ederrari indarra emanaz.
Sei gunetan banatutako musika maratoia
Barrenetik sentitu, bizi, musika gozatu! leloa aintzat hartuta hasi zen gero, musika maratoia; herrian zehar prestatutako sei musika-guneak, askotariko estilo edo ezaugarri musikalen erakusle bilakatuz:
- Herriko plazakoa, talde handien gunea zen: han izan ziren, besteak beste, Elgoibarko, Bilboko, Andoaingo, Legazpiko, Ermuko eta Orioko taldeak, nazioarteko kantu ezagun zein euskal ikurdunak abesten eta dantzatzen.
- Piano eta ganbara doinuak entzun genituen, berriz, Santa Ana aretoan kokatutako bigarren gunean, besteak beste, han ziren Hernaniko, Aretxabaletako, Orioko, Santurtziko, Urnietako, Dulantziko, Soraluzeko eta Trapagarango musikariak.
- Parrokian zegoen, hirugarren gunea kokatuta, non abesbatzak eta orkestrak batu ziren, besteak beste, Azkoitia, Getaria, Zornotza, Bermeo eta Galdakaotik etorritakoak.
- Laugarren gunean, berriz, Zuazola institutuko aretoan, ganbara talde gehiago, tartean, Oñatiarrak, Zumarragakoak, eta Eibarkoak.
- Gainontzeko bi guneak ostera, San Anton plazatxoa eta Atzeko kalekoa, musika modernoagoaren erakusle bilakatu ziren, besteak beste, rock talde eta doinu berriagoen topaleku. Han entzun genituen, besteak beste, Led Zeppelin, Alasca, Gary Moore musikarien bertsioak; horiek, Arrasate, Zumarraga, Bilbo eta Pasaiako musikarien eskutik.
Hurrengoa, akaso Donostian
Aipatutako emanaldiez gainera, eskolako ikasleek, gurasoek zein hurbildutako zaleek egindako gorputz-perkusio saioa, dantza koreografiak eta erromeriak ere izan ziren. Duda barik, zapatuko Musikaldiak erakutsi zuen, harrobia bermatuta dagoela eta musikagintza bizirik dagoela eta bizitza eman ere egiten duela. Gasteiztik jaso zuten Musikaldiaren lekukoa oñatiarrek eta Musika Elkarteari pasako diote txantxikuarrek orain, Aitor Madina, Jose de Azpiazu eskolako zuzendariaren esanetan, akaso, hurrengoa Donostia inguruan izango da, 2016 ospakizunekin lotuta.
Protagonisten hitzak ere batu genituen
Jaialdiaren alde baten zein besteak zeudenekin egoteko aukera izan genuen, zapatuan, hona hemen, batutako iritzi batzuk:
- Lander Diaz de Gereñu, Musikari kantuaren egiletako bat: Egoitz Aizpuruk eta biok egindako kantuan, musikak pertsona baten bizitzan duen garrantzia adierazi gura izan dugu. Oso gustora entzun dut oso ondo abestu dute, sentzazio oso onarekin entzun dut. Orokorrean gustatu dela esan didate niregana etorri direnek; eskertzen ditut hitz horiek eta espero luzaroan entzutea kantua. Musika eskolaren eskuetan dago orain. Aproposa izan daiteke, eskolako errepertorioan sartzeko.
- Iban Garate, aurkezlea: Eskerrak aurkezle lanak egin ditudala, ez naiz-eta musikaria. Egun handia da gaurkoa, festa handia, pena eguraldia. Lan asko egin dute. Herrigintzaren parte dela iruditzen zait horrelako ekitaldiak antolatu eta parte hartzea eta horregatik eman behar zaio garrantzia. Kultura askotan hanka-motz geratzen zaigu eta murrizketa edo krisi garaietan are gehiago. Horrelako ekitaldiek, bada, aldarrikatzeko ere balio dute. Eskolek sozializazio lan handia egiten dute, eta gainera herrietan oso uztartuta daude eta horregatik nire ustez behar den garrantzia eman behar zaie.
- Kristina Uriarte, Hezkuntza, Hizkuntza politika eta kultura sailburua: Ohore handiz hartu dut Musika Eskolen Elkarteak nire sailari eman dion Ohorezko Bazkide saria. Horrek orain arte egin dugun lanarekin jarraitzeko indarra ematen du. Horrelako egunak oso politak dira, besteak beste, ikusteko eta erakusteko musika eskoletan egiten den lana eta horrek musikak hezkuntza integralean duen garrantzia islatzeko.
- Manu Egaña, Oñatiko kultura zinegotzia. Oñatirentzako plazer bat da horrelako jai bat bertan egitea. Musika eskolen lana adarrikatzeko eguna ere bada gaurkoa. Denok esaten dugu egoera ez dela ona, baina sekula baino apustu handiagoa egin behar dugu, kulturagatik, sormenagatik eta hezkuntzagatik. Musika Eskolak sekulako lana egin du 25 urtetan eta Oñatiko jai horrek ere balio du eskerrak emateko eskolako ibilbidean parte izan diren guztiei. Oso erreza da daukan garrantziaz berba egitea baina datuek argi egiten dute berba, azkeneko 3 urtetan Musika Eskolaren aurrekontua, %15 igo da. Kultura musikala izateko apustua egin behar du Udalak. Herritarrentzako ere aukera ederra musika ezberdinaz disfrutatzeko.
- Eskoriatzako Beñat eta Ane Arrieta musikariak: Santa Anan emanaldia egin dugu, eta gustura gaude egindako lanaz. Orain buelta bat eman eta laster etxera joango gara. Gurasoekin etorri gara. Gustuko ditugu horrelako kitaldiak, jendea ezagutzeko aukera ere ematen dute.
- Marta Izagirre, Arrasate Musikaleko zuzendaria: Oso jai polita da. Asko gustatu zaizkigu guneak, politak eta soinu kalitate onekoak dira.
- Bizkargi eskolako ikasleak (Azkoitia): Dantzatzera etorri gara, aurrez asko entsegatu dugu. Hainbat dantza egingo ditugu: uztai dantza, fandango, arin-arina... Bueltatxo bat eman eta etxera joango gara gero. Gustura hartzen dugu parte horrelako jaialdietan.