Sorpresaz hartu ei duzu omenaldia egingo dizuten notizia.
Bai.Auzoko gehienek oraindik pilotan ikusten nauelako izango dela pentsatzen dut, zergatik bestela?
Asko jokatu duzu, baina, pilotan.
Hori izan da nire jolasa eta afizioa, bai. Umetan eta gaztetan, pilotan jokatzera joaten nintzen auzoko frontoira libre nuen guztietan. Gogoan dut nolako enbidia pasatzen nuen belarretan edo ganadu zain nengoela frontoian pilota hotsak entzuten nituenean.
Auzoko elizapeko frontoian aritzen zinen?
Bai, makina bat aldiz jokatu dut han, ahal nuen aldiro. Eta sekula ez dut fraka-zuririk jantzi, pentsa. Eta oinetakoak ere, aldean nituenekin, alpargatekin gehienetan.
Nolako pilotak zenituzten?
Geuk egindakoak. Amari kendutako artilearekin egiten genuen batzuk. Motel samarrak ziren horiek. Beste batzuetan, aldiz, goma sartzen genion barruan; sake handia zuten haiek.
Norekin jokatzen zenuen?
Beti zegoen norbait frontoian. Urte askotan jokatu dut nik, eta sarri ni baino gazteekin ibili naiz. Auzoko mutiko guztiekin ibiliko nintzen, seguruenik. Batzuetan asko elkartzen ginen, eta tantoa galtzen zuena kanporatuz jokatzen genuen, onen biak gelditu arte. Bestetan, berriz, binako edo launako taldeak egiten genituen, eta zenbaitetan, bat biren kontra ere bai. Denetarik.
Zein zen zure teknika?
Elizapean bankoak egoten ziren lehen ere, eta pilota banko azpira eramaten saiatzen nintzen, tantoa egiteko. Ateak ere burdinazko punta batzuk zituen, eta han joz gero aide joaten zen.
Partiduak ikustera ere joaten zinen?
Korpus jaietan partidu onak egoten ziren Oñatiko plazan dagoen frontoian. Itxi egiten zuten, eta nik beti zirrikituren bat bilatzen nuen partidua ikusteko.
Profesional mailan jokatu duzu sekula?
Ez, ez. Gure anaia Eufrasiok, ordea, bai. Espainiako txapelduna izan zen hura afizionatuen mailan. Zaletasuna izan dugu etxean, bai. Orain ere jarraitzen dut pilota telebista bidez.
Ez zen pilotari onik Olabartako mutikoen artean?
Denetarik zegoen bain orduan bestelako lanak ere izaten ziren, jolasa zen hura guretako.