Gaur, apirilak 27, bihar, 30ean eta maiatzaren 1ean egongo da zer egina Olabartan, tartean, umeendako eta gurasoendako bizikleta martxa. Apirilaren 28an izango da hori, 10:30ean. Olabartatik hasi eta Aiastuitik gora Maalatik San Martinera joango dira txikienak, gaztetxoak, berriz, Tokilloko buelta egingo dute. San Martinetik, bidegorria jarraituz, Olabartara bueltatuko dira. Ondoren, Oñatzekoen dantzak eta herri kirolak egongo dira auzoan.
Bestalde, Olabartako I. binakako pilota txapelketa da aurtengo beste berrikuntza bat. Dagoeneko zortzi bikotek eman dute izena txapelketarako. Kanporaketak apirilaren 28an jokatuko dira, domekan, eta finalak, maiatzaren 1ean.
Horrez gain, Iker Zubeldia eta Iñaki Murua bertsolariekin auzo afaria egingo dute gaur, eta 30ean, erromeria. Egun horretan, autobusa aterako da Txaketua ondotik 22:00etatik 03:00etara eta geldiunea izango du Olakua auzoan.