Txitxi Txoko haurreskola txiki gelditu da, eta handitu egingo dute. Datorren urtarriletik aurrera, gela bat gehiago izango du, eta beraz, ume gehiagorendako tokia izango da.
Lau gela
Txiki Txokoren bi zatiak lotzen dituen espazio irekian egingo dute gela berria. "Espazio hori itxi egingo dute, eta hemen egongo da eraikiko den zati berria. Egun hiru gela ditugu eta gero lau izango ditugu. Horietako bi, espazio berri horretan egongo dira, eta beste biak, orain artekoan", azaldu du Lourdes Arregi hezitzaileak. "Zati berri horretatik, gainera, zuzenean atera ahal izango gara berdegunera", gaineratu du.
Handitze lanak irailean hasiko dituzte, eta urtarrilerako bukatzea da helburua. "Lan horiekin batera, orain arteko zatia ere berrantolatu egingo dugu. Abuztuan, barruko berrantolatze lanak egingo dituzte, eta bukatuta egongo dira irailerako, lanean hasten garenerako. Eta irailean hasiko dira espazio berri hori egiten. Urtarrilean etorriko diren umeek estreinatuko dute", argitu du Arregik.
Udala eta Partzuergoa
Txiki Txoko Partzuergokoa da baina udalari dagokio mantentze lanak eta obrak egitea. Partzuergoaren ardura da, berriz, instalazioak janztea eta hor egongo diren ume eta hezitzaileen kopurua eta euren lan baldintzak zehaztea.
Haurreskolaren egoera ezagututa, udalak Partzuergoarekin aztertu zuen arazoa, gela berri bat egiteko eskaera eginaz. Hasiera batean aurten horrelakorik egitea zaila izango zenaren erantzuna jaso zuen udalak, baina duela gutxi arazo hori berraztertzeko bilera egiteko eskaera egin zion Partzuergoak. Gasteizko haurreskoletan egin den berrantolaketaren ondorioz, Partzuergoak hainbat plaza berri eskaintzeko aukera ikusi du, eta Oñatitik jasota zuen eskaria kontuan hartuta, handitze lanak aurten egitea proposatu zion udalari. Udalak, 2013ko aurrekontuetan ez zuen horrelako lanik egiteko dirurik gorde, baina beharrezkoa den dirua 2012ko aurrekontuen soberakinetatik bideratzea erabaki du. Udalak, Isabel Gordoa arkitektoari eskatu dio proiektua eta maiatza amaierarako bukatu beharko du.
Ume gehiagorendako tokia
Momentu honetan 33 ume eta zortzi hezitzaile daude Txiki Txokon. Zero eta urtebeteko gela bat, eta urtebetetik bi urte artekoen bi gela izatetik, bina gela izatera pasako da gero Txiki Txoko. "Joan den udaberrian, esaterako, bete egin zen plaza kopurua, eta irailean ezin izan genuen haur gehiago hartu, eskariak egon arren. Gela berri batekin, ume gehiago hartu ahal izango ditugu", azaldu du Itsaso Galdos hezitzaileak.
Gela berriak zenbat ume gehiago hartuko dituen zehaztea, baina, zaila da. "Ratioek agintzen dute 0-1 gela bakoitzeko zortzi ume egon behar direla gehienez, eta 1-2 urteko geletan, berriz, 13. Taldekatzeak egitea tokatuz gero, 10eko taldeak izan behar dira. Kopuru horiek jarrita daude, horrela izan behar dira eta ratioek erabakitzen dute zenbat ume har ditzakegun", zehaztu du Itsaso Galdosek.
Matrikulazioa
Irailean hasiko diren umeen matrikulazioa, maiatzaren 2tik 13ra izango da. Maiatzaren 8a aurretik jaiotzen direnek, derrigorrean eman behar dute izena 13a aurretik. Baina maiatzaren 9tik ekainaren 7ra bitartean jaio eta Txiki Txokon irailean hasi gura dutenek, ekainaren 11 arte egin dezakete matrikula.