Atez ateko gaiarekin hasi zuen atzo udalbatzak apirileko osoko bilkura. Bilduk esan zion EAJri gai horri buruzko txostenak, informazioa, garaiz bidali diotela, eta gezurra esaten duela informazioa ez dutela jaso esaten duenean. EAJk, erantzun zion, eurak eskatu ezean, ez dutela informaziorik jasotzen batzordeetan, eta proiektuak landu ahala, horren berri eman behar duela udal gobernuak, besteek eskatu barik ere. Bilduk erantzun zion beti agertu direla prest bilera bat egiteko gai horren inguruan berba egiteko, baina EAJk ez duela inoiz egunik jarri bilera hori egiteko.
Eztabaida sortu zuen beste puntu bat, Aske Guneko gertaeren inguruan Bilduk aurkeztu zuen mozioaren bueltan izan zen. EAJk ez zuen mozioa onartu, nahiz eta esan militantzia politikoa ez dela delitua. Osoko bilkuren aretora joandako hainbat gaztek, pankarta bat atera zuten: PNVk gazteak jipoitzen eta atxilotzen jarraitzen du irakur zitekeen. Pankarta kendu ezean joan egingo zirela esan zion EAJko bozeramaile Lourdes Idoiagak Mikel Biain alkateari. Alkateak gazteekin berba egin zuen eta erretiratu egin zuten pankarta. Pankarta Kontzekupeian jarri zuten gero.
Behin osokoa bukatuta, aretora joandako herritarrei eman zien hitza alkateak. Gazte batek galdetu zion EAJri ea zergatik ez zuten Donostian gertatutakoa salatzen eta zergatik ez zuten Ertzaintzaren erasoa eragotzi. EAJko bozeramaileak erantzun zion Ertzaintza epaileak bidali zuela eta gaineratu zuen denondako helduko den garai berriari zain daudela eurak ere, eta ez zuela gehiago esango. Bilduko zinegotzi Josu Lizarraldek esan zien segidan Donostian argi ikusi zela nortzuk jarraitzen duten denbora zaharrean, eta nortzuk berrian. Gernikako Akordioarekin zergatik bat ez duten egiten ere galdetu zien EAJko ordezkariei.
Andraitzendako lokala
Bestalde, onartutako puntuen artean udal langileak errelebo-kontratu bidez erretiratzea onartu zuten, aho batez. Baita orain arte OGTAk San Juan kalean izan duen lokala Andraitz Emakume Feminista taldeari uztea.

Gai zerrendatik kanpo, Haurreskolak izan zituzte hizpide. Bilduk mozio bat sartu zuen salatzeko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren ondorioz EAEko haurreskoletan gaztelaniaren presentzia bermatuko dela aurrerantzean. EAJk ezezko botoa eman zuen, bere esanetan hori ez delako horrela. "Ama hizkuntza errespetatuko da, baina euskara da hizkuntza beikularra. Umeak beste hizkuntza baten egiten badu ere, irakasleek euskaraz erantzungo diote", esan zuen Lourdes Idoiagak. Nerea Zubia euskara eta hezkuntza zinegotziak "ikusita nondik datorren, badakigu zer ahalbideratzen duen" erantzun zion.
Osokoa hasi aurretik, alkateak doluminak eman zizkion udalbatzaren izenean Arantzazu Igarzabal udal langileari eta bere familiari.