"Sopelan urtero egiten da. Hiru bat aldiz egon gara bertan; asko gustatzen zaigu eta pentsatu genuen San Miel Txikitarako ekintza polita litzatekeela", dio Bernat Alberdik, lagunekin parte-hartu izan eta ideia inportatu duen jai batzordeko kideak.
Bi, hiru edo lau laguneko taldeetan hartu daiteke parte txapelketan. Izena emanda 50 esaera zaharreko zerrenda jasoko dute parte-hartzaileek, eta horiek buruz ikasi beharko dituzte taldeko kideen artean lehia egunerako. Maiatzaren 4a izango da egun hori –12:00etan hasita–. Bertso-poteoa egingo dute inguruko tabernetan; bertsolariek kantuan esanak entzun eta buruz ikasiak dituzten esaera zaharretatik zeini erreferentzia egin dioten asmatu beharko dute lehiakideek. Kanporaketen ondoren, San Anton plazatxoan egingo dute finala. Talde irabazleak 100 euroko saria jasoko du.
Zapatu eguerdian, beraz, giroa ziurtatuta dago San Miel Txikietan: "Giro ederra sortzen da eta uste dugu Oñatirako perfektua dela", dio Alberdik txapelketari buruz.
Bere proposamena, noski, begi onez ikusi zuten jai batzordeko gainerako kideek: "Urtero edukitzen dugu bertsoen inguruko ekintzaren bat; pentsatu genuen aukera polita zela gauza desberdin bat egiteko eta herriko jendearen parte-hartzea handiagoa izateko", dio Arkaitz Bengoak.
Txapelketarako izena domeka hau –hilak 28– baino lehen eman behar da, Izarraitz tabernan. Ordurako izena emandakoen kopuruaren arabera, agian epea zerbait luzatuko dutela dio Bengoak: "Baina, noski, esaerak aurretik ikasi behar dira; beraz, komeni da lehenbailehen apuntatzea". Ikasi egin behar dira, eta hitzez hitz, berdin-berdin, zehazten du Arkaitzek. Osatu dezagun, bada, gure titularra: Jokoa ez da errenta, hobe oiloa erreta!