Hori horrela, aurten musika eskolen erakustaldi erraldoia antolatzeko ardura hartu du Jose de Azpiazu herriko musika eskolak.
Bertako zuzendari Aitor Madinak hala azaldu du: "Ikasturtean zehar musika eskolan egiten dugun lana kalera ateratzeko modu bat da Musikaldia".
Ia 3.000 neska-mutilek hartuko dute bihar Musikaldian parte, 42 musika eskolatako ikasleek, alegia. Madinak azaldu duenez, dena gertu daukate, "baina eguraldiari begira" daude, kanpoan ere izango baitira hainbat emanaldi.
Guztira, zazpi gune egokitu dituzte Musikaldia Oñatiko txoko ezberdinetan gozatzeko: Foruen plaza, Santa Ana aretoa, parrokia, Zuazola institutua, San Anton plazatxoa Atzeko kalea eta Lazarraga lorategia.
Eta gune horietan askotariko musika jarraitu ahal izango da; besteak beste, ganbara musika abesbatzak, musika modernoa, pianoa...
Iban Garate aurkezle
Melodia ezberdinak nagusituko dira herriko bazter ezberdinetan, goizetik arratsaldera bitartean. Musikaldiari hasiera emateko, aurkezpen ekitaldia egingo dute Foru plazan, 10:30ean, eta Iban Garatek egingo ditu gidari lanak.
Han egongo dira, gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburu Cristina Uriarte, Oñatiko udal ordezkariak eta musika eskoletako ordezkariak.
'Musikari' abesti berria
Aurkezpen ekitaldiko berbaldiaren ostean, Musikaldirako propio egindako kantuaren estreinaldia egingo dute. Antolatzaileek xehetasun gehiago eman dute; tartean, musika eskolako ikasle izandako bi lagunek egin dute abestia: "Egoitz Aizpuruk idatzi du letra eta Lander Diaz de Gereñuk sortu du musika".
Ekintza bateratua egingo dute, talde guztiek batera hartuko baitute parte abesti berriaren aurkezpenean. Baina ez da guztiek batera esku hartuko duten une bakarra izango, dantzarako tartea ere egongo baita.
Musika baino gehiago
Musikaz gozatzeko aukeraz gainera, Musikaldian gorputzarekin perkusioa landu daitekeela erakutsiko dutela eman du aditzera Arantzazu Bikuña irakasleak: "Musikaz gain, beste hainbat arlo jorratzen ditugu eskolan".
Hala, arratsaldeko emanaldiaren ondoren, hainbat koreografia egingo dituzte; dantzak www.jazpiazumusikaeskola.com atarian zintzilikatuta egon dira, guztiek ikasteko aukera izan zezaten. Ondoren, eta Musikaldiari amaiera emateko, txokolate-jana eta Obaneuke taldearen erromeria egingo dituzte.
Egitaraua
- 09:30 Etorrera.
- 10:30 Aurkezpen ekitaldia. Aurreskua eta Musikari abestiaren aurkezpena.
- 11:00-13:45 Musika eskoletako emanaldiak 7 agertokietan.
- 14:30 Musika eskoletako eta erakundeetako ordezkariei ongietorria unibertsitateko areto nagusian.
- 15:30-18:00 Musika eskoletako emanaldiak.
- 18:15 Dantzak Foruen Plazan.
- 18:30 Obaneuke taldearekin erromeria.