Euskal literatur aldizkarien historiak prestatzen aritu zara. Zein da zehazki egin duzun lana?
1975etik 1999ra sortutako 25 euskal literatur aldizkariren historia laburrak eta orain arte literatur aldizkariei buruz idatzi ditudan artikulu esanguratsuenak bildu ditut. Gainera, digitalizatutako aldizkariak irakurtzeko aukera ere eskaintzen dut. Horretarako web orri bat prestatu dut; interneteko edozein bilatzailetan, komatxo artean, "euskal literatur aldizkariak" idatziz gero, zuzenean eramango gaitu web orrira (http://sites.google.com/site/literaturaldizkariak/).
25 aldizkari ezberdin. Zergatik aukeratu dituzu historia horiek eta aldizkari horiek?
Euskal literatur aldizkarigintzan urterik oparoenak izan zirelako. 1975ean Koldo Izagirre eta Bernardo Atxagak gazteek ordura artekoarekin haustura eta abangoardia ekarriko zituen Panpina Ustela literatur fantzinea plazaratu zutenetik, batean eta bestean ugaldu ziren aldizkariak, 80.hamarkadaren erdi aldera sekulako pizkundea gertatuz.
Zer kontatzen da historia horietan, eta zein da dokumentu horien balioa?
Aldizkarien eta bere partaideen ibilbideak eta ekarpenak azaltzen ahalegindu naiz eta orain arte egon den hutsune bat betetzen saiatu naiz 25 urte horietako aldizkari eraginkorren nondik norakoak irakurleekin partekatuz. Gaur egungo idazle gehienen hastapenak eta oinarriak literatur aldizkari horietan daude. Literaturgintzarako plataforma ezin hobeak izan dira. Liburuak argitaratu aurreko pausua izateaz gain, bertako eta kanpoko literaturetara eta idazleetara hurbiltzeko tresnak ere izan dira. Argitaletxe askok ere beraietan dute jatorria.
Auñamendi entziklopediak kaleratu zituen otsailean. Euren eskariz egindako lana izan da edo, alderantziz, lana egin ondoren eurek publikatutakoa?
Euren eskariz egin nituen historiak eta beraien web orrian argitaratu zituzten. Baina sakabanatuta ageri zirenez, aldizkariei gune propio bat eskaintzea pentsatu nuen entziklopediara estekak luzatuz.
Hainbat artikulu ere gehitu dituzu web orri horretan.
Halaxe da, guztira lau artikulu aldizkari horien testuingurua eta garapena landuz. Justu aurtengo maiatzean beteko dira 25 urte Jakin aldizkariak eskatuta lehenengo artikulua idatzi nuena. Ordutik hona euskal literatur aldizkarien jarraitzaile sutsua izan naiz.
Ze iturritara jo duzu literatur aldizkari horien historia osatzeko?
Aldizkari gehienen sustatzaileekin izandako elkarrizketak ezinbestekoak izan dira lan hau behar bezala burutzeko. Testigantza horiekin eta batean eta bestean azken 25 urtetan bildutako iruzkin, iritzi eta analisiekin ikerketa sakonago bat burutzeko asmoa ere badaukat. Web orria eguneratuz eta aldizkari gehiagoren historiak gehituz ere joango naiz.
Zertarako izango dira baliagarriak artikulu eta aldizkarien historiak?
Euskal literaturaren zutabe nagusiak izan diren aldizkari horiek eta beraien ekarpena hobeto ezagutzeko. Era guztietako genero eta gaiak jorratu zituzten bertako sorkuntza lanetan, kideen zaletasun, esperientzia eta eraginen arabera. Aldizkariak horien erakusleiho izan ziren; bakoitzak bazuen bere zigilua eta jarraitzaile andana.
Literatur joeren azterketa eta literatur lanen kritikek ere badute protagonismoa aldizkari batzuetan, debate sutsuak sortzeraino kasu batzuetan.