Joseba Urtzelai: "Banku-sekretuak badira Suitzan, eta horretaz baliatzen dira dirudunak"

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko apirilaren 23a

Joseba Urtzelai Intzak (Oñati, 1973) Arrasaten egin zituen ingeniaritza ikasketak eta Lausanneko eskola politekniko federalean doktoretza bat egitera joan zen gero. Harrez gero Suitzan bizi da; 2003tik, Zurichen. Informatika enpresa bateko  finantza-merkatuaren zuzendari komertziala da.

Zergatik pentsatzen dugu Suitza paradisua dela?

Gizarte-ongizatea, segurtasuna, soldata maila, paisaia eta Alpeak kontuan hartuta, Suitzak nahiko paradisu itxura duela esango nuke. Zerga-paradisuei buruz, berriz, badira Suitzan berezitasun pare bat: banku-sekretua, adibidez. Dena den, bankuen artean bizi dugun nazioarteko norgehiagoka zoroak badu arlo honetan ere bere garrantzia. Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran edo Asian, adibidez, horrenbeste zerga-paradisu aurkituko dituzu, hauek ere bezero dirudunen zerbitzura. Eta gainontzeko nazioen interesa zera da, Suitza presiopean jartzea, bertako bezeroek dirua beste nazio batzuetara mugitzeko. Gaur egun bizi duguna ez nuke garbitasun edo legalizazio ariketa bezala deskribatuko, kapitalak bereganatzeko borroka bezala baizik.

Ze alde dago dirua hango edo hemengo kontu baten edukitzean?

Printzipioz dirua Euskal Herrian edo Suitzan izatea berdin da, legalki deklaratuta izanez gero. Suitzako berezitasun nagusia banku-sekretua da, hau da, zenbakien bitartez identifikatutako kontu anonimoak. Eta mekanismo honetaz baliatzen dira pertsona dirudun batzuek, dirua Suitzara ezkutuan ekarri eta ondoren zenbakipeko kontu batean desagerrarazteko. Joera hau aldatzen ari da, eta azken hilabeteotan Suitzak Austriarekin eta Ingalaterrarekin arlo honetan akordioak sinatu ditu ezkutuko diruek ere zergak ordaintzen dituztela ziurtatzeko.

Ze abantaila ematen dituzten hango banketxeek?

Interesetan asko ez. Azken urteotan Suitzan bankuek ez dute %2 baino gehiago eman aurrezki kontuetan. Momentu honetan, Suitzako banketxeen abantaila egonkortasuna da. Europako nazio batzuen finantzen egoera kontutan hartuta, ez da txarra gaur egun zure bankua egoera seguruan dagoela jakitea, begiratu bestela Txipren gertatzen ari dena.

Kontu korronte bat Suitzan zabaltzeko baldintzak ezberdinak dira bertako batendako edo debagoiendar batendako, adibidez?

Kontu korrontea zabaltzeko pasaportea baino ez da behar, baina baldintzak ez dira guztientzako berdinak. Atzerritarren kasuan, banku askok gutxieneko diru kopuru bat (25.000 eta 500.000 euro artean, bankuaren arabera) edota  kontu-kostu altuagoak eskatzen dituzte. Egia esan, ez dut uste Suitzan kontu bat 1.000 eurokin zabaltzea merezi duenik. Bestalde, normalean Suitzara milioi bat euro pasatzen duenak legearekin jolasean ari da.

Gainerakoan, zer moduz bizi zara Suitzan?

Oso ondo. Jadanik 16 urte daramatzat Suitzan eta iaz suitzar pasaportea eman zidaten, euskal-suitzarra naiz, beraz. Lanean gustura, emaztearekin oso ondo eta lagun asko ditut hemen.

Euskaldun asko zaudete inguruan? 

Bagaude, bai. Suitzako Euskal Etxeko presidentea naiz eta nahiko kontrolatuta ditut hemengo euskaldunak. Guztira 50 bat bazkide ditugu Euskal Etxean eta sarritan elkartzen gara poteotxoren bat edo egiteko.

Krisia dela eta, Euskal Herritik ere gazte asko ei doaz Europara lan bila edo ikastera. Nabaritu duzu zuk hori Suitzan? 

Bai, asko nabaritu dugu. Azken urtean mail ugari jaso ditugu Euskal Etxean informazio edo laguntza eske. Arkitekto eta informatiko ugari etorri dira azken aldian.

Lan arloari begiratuta, ze egoera bizi duzue? 

Hori beste kontu bat da. Pasa den martxoan %3,2ko langabezia genuen Suitzan; azken urteotan %2 ingurukoa izan da. Lan merkatua oso malgua da hemen eta jendeak sarritan aldatzen du lanpostua. Lan baldintzak onak dira orokorrean.

Txokolatea, paisaiak, erlojuak ... beste zer du Suitzak?

Heidi eta gazta ahaztu dituzu …Suitzak baditu bere berezitasunak ere: lau hizkuntza, adibidez (alemanera, frantsesa, italiera eta erromantxea) edo demokrazia zuzena (hiru hilabete oroko bozketak, herri, kantoi edo nazio mailan erabakiak hartzeko).

Eta Alpeak, neguan eskiatzeko eta udan mendian ibiltzeko. 

Jarraitzen dituzu Oñatiko eta inguruko berriak?

Noski baietz. Kontzejupetik jasotzen dut hilero eta etxekoekin astero egoten naiz telefonoz.

Mezurik baduzu etxekoendako eta koadrilakoendako? Ezer esan gura diezu?

Hemen faltan botatzen ditudala! Maiatzean emaztearekin Oñatira noa eta izango dut aukera etxekoak eta lagunak ikusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak