Bazkide bila dabil Trauti, eskaerek indarra hartzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko apirilaren 19a

Bazkide egin gura dutenek, nahikoa dute bost euro ingresatzea taldeak herriko aurrezki kutxa ezberdinetan zabaldu dituen kontu korronteetan. Trautiko kideak hilean behin batzen dira udal ordezkariekin, puntu beltzen jarraipena egiteko.

Bazkideak lortzeko kanpaina jarri du martxan gutxitu sentsorial, psikiko eta fisikoak biltzen dituen Oñatiko Trauti taldeak. "Gure beharrak eta eskaerak indartzeko gura ditugu bazkideak, guztion artean are eta herri irisgarriagoa bilakatzeko Oñati", adierazi du Trautiko Rafael Kortabarriak.

Bost euroko laguntza
Trautiko bazkide egin gura dutenek, nahikoa dute bost euro ingresatzea taldeak herriko aurrezki kutxa ezberdinetan zabaldu dituen kontu korronteetan. "Diru hori laguntza izango da guretako, bai, baina dirua baino, herritarren atxikimendua jaso gura dugu, gure beharrek indarra hartzeko", azaldu du Kortabarriak. "Eskaerek ez dute pisu berdina izaten 15 lagunek eskatuta edo gehiagok eskatuta. Gure eskaerek herritar askoren babesa izaten badute, uste dugu indar edo presio handiagoa izango dutela erakundeen aurrean", gaineratu du.

Pozik lortutakoarekin
Pasa den urrian eratu zen, legez, Trauti elkartea eta lehen batzar orokorra egin zuen, talde moduan, joan den martitzenean, kultura etxean. Egoera ekonomikoa, irisgarritasunaren alde egindako lanak eta egiteko gelditzen direnak eta udal gobernuarekin duten harremanaz jardun zuten, besteak beste. Bileraren balorazio positiboa egin zuen Kortabarriak: "denok arazo barik ibiltzeko moduko Oñati lortzea gura dugu guk. Orain, esaterako, Zahor lantegiaren ondoan bidetxoa egin dute, inguru horretan dauden bi enpresen artetik arazo barik pasatzeko. Taldeko bi kide hortik gora dauden auzoetan bizi dira, eta beharrezkoa zuten bidetxo hori. Pozik gaude. Bestetik, hilerrira joatea ere ez da batere erraza gurpildun aulkian daudenendako, adibidez. Harri solte asko dago bidean, gurpildun aulkiak irristatu egiten dira, aurrera joan ezinik geldituz. Orain hasi dira poliki poliki harri solte horiek kentzen, geruzaka, eta onerako izango da. Beheko hilerrira joateko ere arrapala egingo dute, eta pozik gaude", kontatu du Rafael Kortabarriak.

Udalarekin duten harremanaz galdetuta, ona dela erantzun du Trautiko kideak: "Gazteak dira eta entzun egiten digute. Orain arte egon direnek ez digute kasurik egin, baina orain daudenek euren zerrendan sartu dute gure arazoa. Duela urtebete pasa, herri osoari bisita egin genion udaleko ordezkariekin, politiko zein teknikariekin. Zuzendu beharreko 30 puntu beltz ikusi genituen. Harrez gero, hilean behin elkartzen gara, gutxi gorabehera, eta orduan jasotakoak zein puntutan dauden aztertzen dugu". Herritarren batek hobetu beharreko zerbait ikusiz gero, eurei jakinarazteko dio Kortabarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak