Lanean jarraitzeko gogoz hartu du kargua Pake Lekuko zuzendaritza berriak. "Orain arte egindako ekintzekin jarraitzeko eta sendotzeko gogoz gatoz", esan du Jabier Galartzak, egungo presidenteak.
Arriaranen lekukoa hartu du Galartzak, urtebeterako, zuzendaritza berrian. Berarekin batera, baina, beste zazpi kide berri sartu dira oraingo zuzendaritzan: Inazio Palaciosek diru kontuak eramango ditu; Begoña Usandizaga eta Trini Galdos bidaiak antolatzen arituko dira; Bittor Altube mantentze departamenduan sartu da; Antton Elortzak ekintzen ardura izango du eta kulturako taldean, Marilu Azpiazu eta Jose Mª Igartua sartu dira. Azken hori, gainera, Igartua, presidente ordea ere bada.
Ikastaroak indartu
Jabier Galarza presidentearen esanetan, orain arte egindako lana sendotu gura dute. "12 ikastaro ezberdin ditugu, eta izan gura ditugu aurrerantzean ere. Gainera, sortu berri diren yoga eta irakurketa taldearen tailerrak indartu gura ditugu. Horrez gain, irteera ere antolatuko ditugu. Aurten, esaterako, 10 baino gehiago egingo ditugu. Eguaztenean, esaterako, Biasterira egin genuen irteera. Bidaia handien artean, adibidez, maiatzean, Galiziara joango dira batzuk, eta uztailean, Kroaziara beste batzuk".
Martxoaren 22an egin zuten zuzendaritza berria aukeratzeko bilera, eta martitzenean batu zen, lehen aldiz, zuzendaritza zaharra eta berria.
Egun 1.200 bazkide baino gehiago ditu Pake Lekuk. (Beheko argazkian, zuzendaritza zaharreko eta berriko kideak)
