Gaztetxeak eta generoa. Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Gaztetxe bateko gazte asanbladan hartzen nuen parte orduan, eta ikusten nuen hainbat gauza aldatu egin beharko liratekeela. Esperientzia abiapuntu hartuta hasi nintzen. Militantziaz gain, lan munduan ere egin nuen zerbait, eta beka bila hasi nintzen, ikerketa egiteko.
Zer ikusten zenuen zuk?
Ikusten den lehen gauza, esaterako, mutil eta neska kopuruaren arteko diferentzia da; gaztetxe gehienetan mutil gehiago ageri dira neskak baino. Lan banaketan, egiten diren ekintzetan, horien arduradunetan, publikoan nork berba egiten duen... gaztetxeko esparru askotan ikusten da gizartean gertatzen den joera bera, mutilen presentzia neskena baino handiagoa dela, alegia.
Nondik hasi zinen? Zenbat gaztetxe ikertu dituzu?
Nituen kontaktuak hartu eta 80 lagun ingururi bidali nien gonbidapena ikerketan parte hartzeko. Pertsonalki edo kolektiboki zegoen parte hartzeko aukera, eta, azkenean, Euskal Autonomia Erkidegoko 16 gaztetxe eta 40 bat gazte animatu ziren.
Ze teknika erabili dituzu informazioa jasotzeko?
Elkarrizketa pertsonalak, neskekin bat eta mutilekin beste bat egindako eztabaida saio bi, bi gaztetxetako urtemugen behaketa eta galdetegi bat hilabete zehatz baten egindako ekintzen inguruan. Sei gaztetxek hartu zuten parte galdetegi horretan. Beste 14 elkarrizketa labur ere egin nituen, gaztetxea euren artea egiteko espazio moduan hartzen zuten 14 neskari.
Nolako ekintzak antolatzen dituzte gaztetxeetan?
Nik hartu nuen hilabetean, batzarrak eta kontzertuak ageri ziren, gehienbat. Gaztetxeetan batzar asko egiten dira, baina ez zaio garrantzirik ematen espazio eta aktibitate horri. Herri askotan, kolektibo ezberdinek erabiltzen dute gaztetxea bilerak egiteko, eta horri ez zaio garrantzi nahikorik ematen. Kontuan hartzen dena da zer-nolako kontzertuak edo jaialdiak antolatzen diren, eta ez horrenbeste tokia bera bilerak egiteko, egoteko edo beste zerbaitetarako aproposa den pentsatzeari.
Diozu kolektibo askorendako espazioa izan daitekeela gaztetxea?
Bai. Finean, gaztetxea guztiondako gune askea da. Aniztasuna lortu behar bada, guztiondako tokia izan behar du gaztetxeak.
Egia da gaztetxe guztiak ez direla berdinak, baina gehienek helburu konkretu batzuk bakarrik dituzte.
Autogestioa, talde-lana, autoeraketa... dira gaztetxeen ezaugarrietako batzuk. Genero ikuspegitik, beste zer ezaugarri jarriko zenieke gaztetxeei?
Emozioak ere lan politikoa direla. Askotan, alde batera uzten ditugu, eta ez dugu berba egiten gure sentimenduez, adibidez: zerbait antolatzen denean lan karga handia izan dugun edo ez, baztertuak sentitu garen edo zerbait adierazi dugunean ez entzuna izatearen sentsazioa izan dugun edo ez... Horretaz guztiaz berba egin behar da; bestela, komunikazio arazo handiak sor daitezke-eta, eta haserreak ere bai.
Gai hori landu beharra dagoela uste dut, eta ez da erraza. Izan ere, gure borroka pertsonala da, ondokoarekin dugun borroka da. Sistema patriarkala da kanpoan dugun etsaia, baina ondoko lagunarekin ere berba egin behar da, eta zaila da gure harremanez berba egitea, denok nahi dugulako taldeko kide izan.
Sentimenduak ez lantzea, beraz, hutsunea dela uste duzu?
Gaztetxeak oso onak eta beharrezkoak dira. Egon behar dute. Baina ez du esan nahi gauza batzuk aldatzea ez legokeela gaizki. Batzuetan hasi dira hori lantzen, baina kosta egiten da hasieran.
Diozu gaztetxeak espazio libreak direla, baina markatuak direla, ez dagoela aniztasunik. Zer esan gura duzu horrekin?
Gaztetxe batean zentzua duen edozer gauza egin daiteke, baina mugak jartzen dira, beti horrela egin direlako. Adibidez, musikari lotuta, punka eta rocka entzuten da, gehienbat, gaztetxeetan; beti izan da horrela. Arraroa da musika klasikoko kontzertu bat entzutea gaztetxe batean, baina zergatik ez? Gune askeak badira, zergatik ez dago musika aniztasunik? Eta berdin gertatzen da tailerrekin ere; askotan egiten dira kolektibo konkretu bati gustatzen zaizkion ekintzak, eta ez da egoten aniztasun handirik.
Antolamenduak badu garrantzirik horretan?
Horizontala izan behar du, bai, baina benetako horizontaltasuna aplikatu behar da. Urtemuga baten ostean, esaterako, baloratzen da egon den jendetza, jaso den dirua, sortu den giroa ... baina ez da aintzat hartzen batzuk larregiko lana izan duten edo ez, edo nork gozatu duen edo ez kontzertu edo jaialdi horretaz.
Zer ondorio atera duzu parekotasunari buruz?
Herri txikietan gertatzen da belaunaldi batean neska edo mutil gehiago izatea beste batean baino. Herri handietan, aldiz, aniztasun handiagoa ematen da, nahiz eta batzuetan mutilengatik markatuagoak dauden, baina ez dira neutroak, gizarte mugimenduaren barruan dauden espazio diskriminizatuak dira.
Indarkeriari lotuta, ze hausnarketa jaso duzu zure ikerketan?
Diskriminazioa eta eraso sexistak landu ditugu. Diskriminazioak txikiak dira, baina indartsuak dira, esaterako keinuak edo ahots altxatzeak, eta batzuetan ez dira eraso moduan hartzen. Eraso sexualen gainean, oraindik gaztetxe gutxik dute eginda protokoloa zehazteko nola jokatu kasuren bat gertatzen denean. Eta hori taldean egin beharreko lana da; ez du zentzurik kanpotik norbait etortzeak hori azaltzeko.
Generoaren gaia gaztetxeetan lantzea gura duzu zuk.
Bai. Bigarren fase honetan bilerak egiten ari gara, materiala batu eta hori gaztetxeetan banatuz generoaren gaia lantzeko. Oñatikoa bigarrena izan da.