Irakurzaletasunaren aldeko ekintzak gaurtik Oñatin

Mireia Bikuña 2013ko apirilaren 16a

 

Ipuin kontaketak, bideo tailerrak, musika emanaldiak eta beste antolatu dituzte hilaren 23an ospatuko den Liburuaren Egunaren harira.

 

Egitarau osoa prestatu dute Udal Liburutegian: ipuin kontaketak, zinema emanaldiak, musika saioak eta hitzaldiak. "Urteroko ekintzak dira, baina beharrezkoak direla uste dugu. Irakurzaletasuna bultzatzeko, liburutegian ditugun zerbitzuak ezagutarazteko, eta askotariko adinetako herritarrak erakartzeko. Batez ere, liburutegiko bazkide eta erabiltzaile ez direnak erakartzeko antolatzen ditugu ekintzak", esan digu Arantzazu Ibarrondo, Udal Liburutegiko arduradunak.   

Liburuetatik haratago 

Helburu horiek betetzeko asmoz, bi asterako ekintzak antolatu dituzte. Gaur, martitzena, eta bihar, irakurketa taldeek saio bana egingo dute: Belarraren ahoa liburuaren gainekoa euskarazko taldeak, Harkaitz Canorekin; eta Madame Bovary-ren gainekoa gaztelaniazko taldeak. 

Era berean, ipuin kontaketa bi egingo dituzte: helduendako bat, eta 6-10 urte artekoendako bestea.

Chati Calvo izango da helduendako kontaketa egingo duena. Mujeres de ojos grandes delako saioan emakumeak, sentsualitatea, umorea eta ironia dira protagonistak.

Bestalde, Jose Mari Anduagak eta Juanjo Untzillak musika emanaldia egingo dute liburutegian eta Pernan Goñik marrazkigintza eta teknologia berrien gaineko tailerra. "Liburutegi baten ez daude liburuak bakarrik. Bideoak, CDak eta DVDak ere baditugu. Gainera, teknologia berriak heldu dira gurera. Hori horrela, liburuetatik haratago doazen ekintzak egingo ditugu. Zineklubean ere, guk aukeratutako pelikula emango dute hilaren 25ean", dio Ibarrondok.

'Hitzordu itsua' 

Nazioarteko Liburuaren Egunaren harira antolatuko ekintzetako bat Hitzordu itsua da. Misterioz betetako ekintza. "Nafarroako liburutegi batetik hartutako ideia da. Hainbat liburu oparitarako paperean batuko ditugu, eta txartel baten liburuaren gaineko pista batzuk idatziko ditugu. Erabiltzaileak pista horiek aintzat hartuta aukeratuko du liburua. Ezer gehiago jakin barik", azaldu digute. 

Zein da ekintza horren helburua? "Bada, erabiltzailearen irizpideak alde batera utzita, ezkutuko liburua irakurtzeko bidea ematea. Akaso, bere kabuz aukeratuko ez lukeen liburua tokatuko zaio bateren bati".

Gainera, bazkideen artean, bildumatik erretiratutako liburuak banatuko dituzte.

Gizonezko bat ordenadorean kontsulta egiten.

Egitaraua

Apirilak 16 eta 17

18:30 Irakurketa taldeen saioak, liburutegian.

Apirilak 23

18:00 Nax eta bere laguntzaileak liburu-DVDaren aurkezpena.

19:00 Helduendako ipuin kontaketa liburutegian.

Apirilak 24

19:00 Pernan Goñirekin bideo tailerra liburutegian.

Apirilak 25

18:00 Umeendako ipuin kontaketa liburutegian.

20:00 César debe morir pelikula zineklubean.

Apirilak 26

19:00 Musika emanaldia liburutegian.

Apirilak 30

19:00 Gervasio di Cesareren hitzaldia liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak