Gaztetxeak eta generoa izeneko ikerketa egin zuen duela urte pare bat Pili Alvarez Moles kataluniarrak, eta ikerketa horrek emandakoak komentatu eta landu gura ditu orain ahalik eta gaztetxe gehienetan. Bihar, Oñatiko Antixena gaztetxera etorriko da.
Genero materiala bildu
Antixenan bihar egingo duten bilera irekia da. Gaztetxe ezberdinetako kideak daude gonbidatuta, eta baita interesa duten herritarrak ere. "Gure asmoa da genero harremanei buruz gizarte mugimenduetan eta batez ere gaztetxeetan landu den materiala biltzea", dio Alvarezek. "Duela bizpahiru hilabete Gasteizen egin genuen lehen bilera irekia. Gaztetxe ezberdinetako kideak elkartu ginen eta ikusi genuen garrantzitsua zela orain arteko materia batzea, zabaldu eta generoaren gaia lantzeko".
Eta batutako materia eramango dute zapatuan Antixenan egingo duten bilerara. "Izan daiteke fanzine bat, antzezlan bat edo tailer konkreturen bat. Asmoa da gero materia hori gaztetxeetan zabaltzea", argitu du ikerketaren egileak.
Generoaren gaia
Pili Alvarezen iritziz, generoaren gaia ere landu behar da gaztetxeetan. "Arrazoi asko daude horretarako. Horietako bat da taldean, kolektiboki egin beharreko lana dela. Horrek ematen du aukera gai horren inguruan berba egiteko. Esaterako, oso gaztetxe gutxik dute eginda protokolo bat eraso sexista baten aurrean nola jokatu behar duten zehazten duena. Eta hori kolektiboan egin beharreko kontu bat da; ez du zentzurik kanpotik norbait etortzea zer egin behar den azaltzeko".
Ikerketa plazaratu
Emakundek emandako beka batekin egin zuen Alvarezek Gaztetxeak eta generoa izeneko ikerketa. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 16 gaztetxeren laguntza izan zuen, ikerketan parte hartzeko gertu agertu zirenenak, hain zuzen. Ikerketan jasotakoa eta ateratako ondorioak plazaratu gura ditu orain. "Ikerketa hori armairu baten barruan egoteak ez du zentzurik, egindakoa landu, konpartitu, nahi nuen nik eta horretarako hasi dut bileren bigarren fase hau", dio.