Merkataritza nola indartu jasoko dute txosten baten

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko apirilaren 12a

Herriko denda, ostalaritza eta zerbitzuen egungo diagnosia eta datozen urtetan egin beharreko ekintzak jasoko ditu PERCO dokumentuak.

Herriko merkataritzaren alde egiteko lanean, merkataritza biziberritzeko plana jarri dute martxan Udalak eta Txandak elkarlanean. Egungo egoera zein den eta datozen urteetan zer egin daitekeen jasoko du hilabete honetan bertan martxan jarriko den plan horrek.
Merkatariei galdetuz
Hiru enpresa aurkeztu dira plan hori egiteko, eta konkurtso fasean dago orain proiektua. Hala ere, asmoa da lana adjudikatu eta berehala hastea martxan, ahal dela hilabete honetan bertan.
"Biziberritzeko plana egingo duen enpresak, egungo egoeraren diagnosia egingo du lehenengo. Horrez gain, baita datozen urteetan egin daitezkeen ekintzen plan bat ere. Eta hori guztia herriko eragileekin elkarlanean egingo du. Hau da, batetik udalarekin jarriko da harremanetan udalaren lana zein den jakiteko eta bestetik, merkatariekin eurekin ere egongo dira", azaldu du Jesus Mari Ugarte udaleko enplegu teknikariak.
Herri merkataritza biziberritzeko plan horretan, gainera, herriko komertzioak ez ezik, ostalaritza eta zerbitzuak eskaintzen dituztenak ere sartzen dira.

Azkena, duela 7 urte
Egingo duten biziberritze plan hori PERCO izenaz ezagutzen da. Duela zazpi urte, 2005ean, egin zuten azkena, eta egoera asko aldatu delako erabaki dute beste bat egitea. "Diagnosiarekin batera datozen urtetan egingo diren ekintzak ere jasoko ditu txosten horrek eta herriko eragile ezberdinek egin beharreko ekintzak izango dira. Horien artean lehentasuna zeintzuk duten eta epe ertainera edo luzera zeintzuk egin daitezkeen, enpresak berak zehaztuko du", dio Ugartek.
Merkataritzaren biziberritze plana lau hilabeteko epean egin beharko dute eta 30.000 euroko diru partida gorde du udalak horretarako.

Txanda pozik
Herriko dendariak batzen dituen Txanda elkarteak uste du momentu ona dela PERCO txostena egiteko. "Duela zazpi urteko egoera eta egungoa ez dira berdinak, eta plan honek egungo egoera kontuan hartuta merkataritzaren alde zer eta nola egin daitekeen jasoko du, eta ona da hori. Plan honekin Jaurlaritzak emango duen diru-laguntza horretarako izango da gero", argitu du Txandako zuzendaritzako kide den Argilorain Perosterenak.

Bestalde, liburuetan gastatzeko diru sariak ari da banatzen Txanda erosleen artean. Apirilean zehar, Txandako dendetan erosketak egiten dituztenen artean 20 euroko 40 txartel zozketatuko dituzte hilaren 20ra bitartean.
Txartel horiek liburuak edo ipuinengatik trukatu beharko dira Txandako denda hauetan: Hirukar, Altuna, Haritza eta Urzai. Liburuaren Hilabetearen barruan, komertzioetako erakusleihoak ere liburua gaitzak hartuta apaindu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak