Eredu gizatiarrago baten aldeko mezua bidali zuten Ibarretxek, Pagolak eta Sarasuak atzo Oñatin

Leire Kortabarria 2013ko apirilaren 10a

Hiru ikuspuntutik, baina, funtsean, oso antzeko mezua zabaldu nahi izan zuten atzo Juan Jose Ibarretxek, Jose Antonio Pagolak eta Jon Sarasuak Oñatin: krisitik irteteko, gizarte gizatiarragoa behar da. Horixe adierazi zuten atzo Santa Ana antzokian Debagoieneko elizbarrutiaren eskutik egin zen mahai-inguruan. Antzokia lepo bete zuten herritarrek.

Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak ekonomiaren ikuspuntutik aztertu zuen krisia, eta zenbait tesi gezurtatzen ahalegindu zen: adibidez, zenbat eta gehiago irabazi, orduan eta zoriontsuago dela norbera; edo Europako herrialde bakoitzak bere zor publikoaren neurriko interesa ordaintzen duela. Tesi ekonomikoak herrien identitatearen gaineko ideiekin uztartu zituen Ibarretxek, esanez, besteak beste, Euskal Herria ez dela izango baldin eta elkartasunean eta "bestearen" defentsan oinarrituta ez badago.

Gaineratu zuenez, "neurtzen dugun horren gainean hartzen ditugu erabakiak", eta barne produktu gordina eta adierazle makroekonomikoak neurtzen dira gaur egun, batez ere, eta "barne produktu gordinak produkzioa bakarrik neurtzen du, ez zoriontasuna", esan zuen Ibarretxek. Ondorioz, bere iritziz, etorkizunerako formula hau da: "Ikerkuntza, garapena, berrikuntza… eta kultura".

"Solidarioak eta errukitsuak izan behar gara"

Jose Antonio Pagola teologoak hartu zuen hitza segidan. Honako gogoeta planteatuz hasi zen: "Jesusek ba ote du zerikusirik gaur egungo krisiarekin?" Eta Kristautasunaren ikuspuntutik krisiak izan ditzakeen ikasgai batzuk konpartitu zituen entzuleekin: "Gure gizartea puskatzen ari" dela ohartarazi zuen; baina, era berean, "krisia duintasunez" bizi izaten badugu, "humanoagoak" egingo garela esan zuen. Teologoaren iritziz, "gaur egungo gizartean, dena dago krisian", ez bakarrik ekonomia; eta krisia "luzerako" doa. Horregatik, bere iritziz, "solidarioak izan behar gara", eta baita "errukitsuak" ere. Krisitik irtenbidea, batez ere, jendartearengan dago.

"Berriro ametsa produzitu behar dugu"

Azkenik, Jon Sarasua irakasleak esan zuen "baloreen krisian" gaudela eta hori dagoela krisi ekonomikoaren sakonean. Hark ere gaur egungo garapen eredua gaitzetsi zuen, "posible ez" dela esanez. "Aberats berrien sindromea daukagu: modernoak izateko antsietatea daukagu", esan zion entzulegoari. Baina krisiak "aukerak eta alderdi positiboak ere" badituela esan zuen: "Humanizazioaren norabideetako bat gutxiagotzean" dago, Sarasuaren iritziz. Itxaropenerako mezua izan zen berea: Berriro ametsa produzitu behar dugula iruditzen zait eta ametsaren horizonteak marrazteko gai gara". Eta, aurreko bi hizlariekin koinzidituz, "autoeraketa, elkartasuna, iraunkortasuna, nortasuna eta kultura" aipatu zituen "helduleku" gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak