Ganbara Abesbatza garaile Ejea de los Caballerosen

Imanol Gallego 2013ko apirilaren 7a

Bigarren aldiz lortu dute! Erronka ez zen erraza eta entsegu askoren fruitua izan da atzoko garaipena. Bidea ez da erraza izan. Ganbara abesbatzak azken hilabeteetan izandako bajen ostean, bere betiko maila berreskuratu duen seinale argia da Ejeako garaipena: "Lehen postu honek zapore berezia dauka", dio Lide Aranburuk, Ganbarako kideak.

Euren saioa domeka eguerdian egin zuten, eta pozik irten ziren guztiak, baina epaimahaiaren emaitza jakin arte ez dira lasai egon. Programa menderatzen zuten eta, emaitza ikusi ondoren, etxerako lanak ongi egin dituzten seinale argia izan da. Lehenik, derrigorrezkoa zen Despedida abestu zuten; ondoren, S'ha Feito de Nuey jota; eta amaitzeko, aukera askeko bi abesti: Oñatikoek Mendekoste Phestetan abesti herrikoia eta Water Night kantatu zituzten.

Domeka arratsaldean, urduritasuna agerikoa zen atzera ere, eta hunkigarria izan da oso epaiaren unea. Lehenengo gazteen sariak eman dituzte eta ondoren nagusienak: "Hirugarren postutik hasi dira eta gure izena azkena izan da", zioen Aranburuk. Zorionez, epaia aldekoa izan da eta, bigarren urtez, lehen postua eskuratzea lortu dute; duela hamar urte irabazi zuten lehen aldiz. "Epaileek esan dutenaren arabera, lehiaketan inoiz egon den mailarik altuena egon da aurten", azpimarratu du Lide Aranburuk. Lehen sari honek, gainera, 2014. urtean Gijonen egingo den Sari Nagusirako sailkatzen ditu. 

Hurrengo erronka
Aurretik, baina, uztailean Austriako Spittal hiriko lehiaketan parte hartuko dute. Aranbururen arabera, "Ejearako prestaketak saria eman digu eta Austriarako ere balioko digu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak