Komeriak Arantzazura bidean

Goiatz Arana Begiristain 2013ko api. 6a, 16:09

Gomiztegi baserriko bihurgune parean, ez aurrera eta ez atzera geratu dira goiz-eguerdi partean hainbat ibilgailu. Izan ere, puntu horretara iritsita, buelta ematea otu zaio auto gidarietako bati; buelta hartu ezinik, bidean gurutzatuta geratu da; eta gainontzeko ibilgailuek ere ezin izan dute hortik gora jarraitu, 4x4 ibilgailuek izan ezik.

Jende dezentek egin du gaur, zapatua, Arantzazura joateko plana, elur giroaz gozatzeko: paisaia zurituak ikustea edo meni ibilalditxo bat egitea zen euretako gehienen asmoa.

Planarekin aurrera egitea posible izan bada ere, azken metroak, eta kasu batzuetan kilometroak, oinez egitea ezinbesteko baldintza izan da, baita autoak elurretatik ateratzen laguntzeko bultza egitea ere.

Autobusa ere kateatuta

Erandioko mendizale talde bat zekarren autobus bat, esaterako, Arantzazura ailegatzeko 3 kilometroren faltan geratu da. Oinez egin dute hortik gorako bidea, eta euretako biren eta ertzainen laguntzarekin eta palekin lortu dute autobusari buelta ematea.

Eguerdiko ordu bata inguruan pasa da gorantz elurra kentzeko makina, baina hala ere ez dute eman autoarekin gora egiteko baimenik, behar moduan gertatuta egon ezean.

Gogotik botatzen zuen elurra, gora-beherok iraun duten denbora tartean.

Denboraleak eraginda, Arantzazura heltzeko arazoen ondorioz, bertan behera utzi dituzte goizean bertan egitekoak ziren haurrentzako arkitektura tailerrak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak