Etxe tutelatuen eraikin bat egingo dute Oñatiko San Martin auzoan

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko martxoaren 26a

Aste Santu ostean gobernuko eta oposizioko ordezkariak eta ongizateko eta hirigintzako teknikariak osatuko duten batzordea proeiktua lantzen hasiko da. Asmoa da 12 etxebizitza tutelatu egitea.

2011ko martxoan Udalak eta Egaralurrek sinatutako hitzarmenaren arabera, udalak sei etxebizitza jaso behar zituen San Martin gunean, lur aprobetxamendu kontzeptuan. EAJ zegoen orduan agintean era erabaki zuen gizarte zerbitzuetara zuzendutako sei etxebizitza komunitario prestatzea.

Oraingo udal gobernuak ordea, Bilduk, uste du ekipamenduetarako hutsik dagoen San Martingo orube batean eraikin berri bat egitea, etxebizitza tutelatuak egiteko. "Iruditzen zaigu beste orube hori aprobetxatuta, sei etxebizitza eraiki ordez 12 egin ahal izango direla, 40 metro koadro ingurukoak, horrela herritar kopuru zabalago batengana iritsiz", azaldu zuen otsaileko osokoan Mikel Biain alkateak.

Beraz, San Martingo sei zenbakian babes ofizialeko sei etxebizitza jaso beharrean, udalak dirutan jasoko du horien balioa, 926.000 euro pasa.

EAJ ez dago ados

EAJ alderdia, baina, ez dago ados erabaki horrekin. "Babesik gabeko kolektiboendako ez dago zerbitzu egokirik Oñatin, ez behintzat gizarte politika aurrerakoi baten ikuspuntutik eta hutsune hori bete gura genuen San Martingo aukerarekin. Esklusioan edo esklusio arriskuan dauden herritarrak, indarkeria sufritu duten emakumeak, buruko gaixotasunak dutenek edo desjabetzegatik etxebizitza barik gelditu diren herritarrendako etxebizitzak lirateke", azaldu du Lourdes Idoiagak.

"Horretan ados gaude, baina babes ofizialeko etxebizitzen zozketa eginda zegoenean ekipamendu arean etxebizitza sozialak egitea proposatu zigun enpresak, baina ezetz esan genion, gure helburuak ez zirelako horiek. Guk erabaki genuen gune horretan ezer ez eraikitzea aurrerantzean gizarte zerbitzuek erabiltzeko uzteko", zehaztu du Idoiagak.

"Kontra gaude mahai gainean dirua kobratzea bakarrik jartzen delako, plan alternatibo zehatzik gabe, eta hau guztia batzordeetan ez delako tratatu", gaineratu du EAJko bozeramaileak.

Zarautzeko eredua Oñatin

Etxe tutelatuen proiektua garatzeko Aldundiari laguntza eskatu dio udalak. "Legazpin, Zarautzen eta Astigarragan izan ginen, hango ereduak ikusteko. Zarautzekoa aproposa iruditu zitzaigun Oñatin aplikatzeko", azaldu du alkateak. "Proiektua egiteko aurrekontuan gordeta dugu 60.000 euroko aurrekontua. Aste Santu ostean hasiko da batzorde bat hori lantzen; gobernuko eta oposizioko ordezkariak eta ongizateko eta hirigintzako teknikariek hartuko dute parte batzorde horretan", aurreratu du Biainek. Etxe tutelatu horien eraikina San Martingo lehen etxeen segidan dagoen orubean jaso gura du udalak. Oraindik, baina, ez dago zehaztuta lanak noiz hasiko dituzten.

Bestalde, joan den astean egin zen martxoko osoko bilkuran onartu zuten San Martingo sei zenbakiko etxebizitzen zozketa egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak