Udalbatzak urriko osoko bilkuran onartu zuen tasa eta lehen aldiz aurten jarri dute martxan. Etxebizitza hutsak zeintzuk diren jakiteko, Udalak errolda erabili du. Guztira, erroldaren arabera, Udalak 526 etxe huts aurkitu ditu eta guztiek ordaindu beharko dute tasa berria. Hala ere, 2012/04 foru-arauak baimentzen duen moduan, herriko kasuistika askotarikoa dela eta, hamar salbuespen jaso ditu Udalak. Horietako bat betetzen dutenek ez dute tasa berria ordaindu beharrik izango.
Udalak etxe huts bezala onartu dituen 526 etxeetara jakinarazpena bidali zuen. Bateaz beste, %100eko errekarguaren bitartez etxe hutsen jabeek 215 euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Guztira, Udalak 142 erreklamazio jaso zituen eta horietako 92 onartu ditu. Dena den, Udalak adierazi duen moduan, hurrengo urteari begira, aplikatu beharreko salbuespenen zerrendan aldaketa bat edo beste egingo ditu, herriko errealitatera hobeto egokitzeko helburuarekin.
Herritarren kexak
Zenbait herritarrek ez dute neurria begi onez ikusten. “Udala diru sarrera berrien bila hasi da”, salatu dute. Mikel Biainek kontrako iritzia du: “Helburua dirua batzea izango balitz, beste neurri batzuk hartuko genituzke”.Gauzak honela, herritarrek arauak berak forma-akatsa duela ere salatu dute: “Erroldak ez du bertan bizi zarela ziurtatzen eta iruzur egitea oso erraza da”. Biain alkateak ere gai honen inguruan argi utzi du Udalaren jarrera: “Ez gara ofizioz honelako kasuak ikertzen hasiko”. Dena den, alkateak zera azpimarratu du: “Herriko alokairu merkatua zabaltzeko neurria da”.
Alokairua indartu
Oñatiko udalbatzaren aurtengo helburuetako bat alokairu merkatua zabaltzea eta indartzea izan da. Horretarako, urrian onartutako ordenantzan fiskalaren aldaketa premiazkoa izan da. Etxebizitza hutsak dituzten jabeek zergak igotzean haiek alokatzera bultzatu nahi ditu Udalak, baina ez edonola. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Bizigune programa irtenbide aproposa izan daitekeela zehaztu du Biainek. Bizigune programa Jaurlaritzaren programa bat da eta Udalak ez du informazio zuzenik. Dena den,alkateak zera gaineratu du: “Epe laburrean Jaurlaritzaren programa honen arduradunekin harremanetan jarriko gara programa honen eraginkortasuna hobetzeko elkarlan esparruak bilatzeko”.
Elkarlan hori gauzatzen den bitartean, alkateak Bizigune programak dituen abantailak ezagutzeko gonbita egiten die herritarrei. Programaren bitartez jendeak zuzenean Jaurlaritzari alokatzen dio etxea, eta hark ziurtatzen du alokairua, ordainketa eta etxearen egoera. Hain zuzen, programak etxea tasatzen du eta, gehienez, 600 euroko alokairua ezartzen du. Interesa dutenek 900 25 12 51 telefonora dei dezakete.