80 eta 71 irabazi dio Natra Oñatik Valladolidi, eta zuzen doa igoera fasera bidean

Julen Iriondo 2013ko martxoaren 24a

Minutu askoan partidutik kanpo egoteko joera arriskutsua erakutsi zuten, beste behin, oñatiarrek, baina erreakzioa garaiz iritsi zen zorionez. Liga amaitzeko hiru partiduren faltan lider dira, igoera fasea jokatzeko aukera ematen duten lehen bi postuetako bat lortzeko aukera askorekin.

Atsedenaldiaren aurreko eta ondorengo minutuak mugarri izan ziren Eneko Blancorenek zuten korapiloa askatzeko: 22 eta 38, 16 puntu atzetik ere joan ostean, Cavadak bi jaurtiketa libre saskiratu –partiduko gakoetako bat, 23 sartu zituzten-eta 30etik, ia denak Gartzia, De la Iglesia eta hiruren artean– eta 9 puntuan geratu zen aldea, 34 eta 43, 10eko muga sikologikotik behera.

Aldagelatik bueltan, gehiago gerturatu zen Natra Asier de la Iglesiaren 2 gehi 1eko batekin, eta bi puntura jarri kanpoko jokalari bati eta entrenatzaileari protesta egiteagatik adierazitako teknikak aprobetxatu eta 6 puntuko jokaldia egin eta gero. Berriz ere joan ziren Valladolidekoak 9 gora, baina hiru eraso jokalditan beste hainbeste hiruko egin –Gartziak, Osak eta Kintanak–, eta 58na amaitu zen laurdena.

Laugarren hiruko bat kateatu zuen Kintanak azken laurdenaren hasieran, eta, azken zortzi minutuetan sartuta, De la Iglesiaren eskumutur finak jarri zuen aurretik Natra, 65 eta 63. Oñatikoak nagusi ziren errebotean, uztai azpira baloi onak sartuz; eta horri gehitu hirukoekin lehenxeago izandako bolada ona. Aurkaria, berriz, kamuts. Partiduaren zati handi batean eurek ondo egindako guztiak ari zitzaizkien eurei egiten oñatiarrak.

Amaiera lasaia izan zen; 80 eta 71 irabazi zuen Natra Oñatik, eta urrats sendoa egin liga lider amaitu eta igoera faserako sailkatzeko –lehen biak sailkatzen dira–. Orain bi asteko atsedena, eta azken hiru partiduetako lehena gero, Ardoiren kantxan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak