Jolasetik, behar duen moduan, asko dauka abesbatzak eta atzoko emanaldian denetariko erritmo, dantza eta melodiak batu zituzten; herrikoienak bai eta baita, adibidez, Disneyko film ezagunenen soinu-bandetatik ateratakoak. Pozarren ibili ziren Oñatiko txikitxoak Josu Zubia eta Miren Gurutze Plazaola zuzendari zituztela eta pianoan lagun Araceli Guridi.
Txantxiku ikastolako txikienak izan ziren lehenak errepertorio herrikoi batekin. Abestu zituzten lau kantuetatik argi eta garbi Mikel Urgandarinen Non geratzen den denbora gozatu zuten gehien. Elkar Hezikoek ere euskal kantutegira jo eta Kapitain pilotu, Bautista Basterretxe ala Akerra Ken dibertigarria abestu zituzten. Internazionalenak Urgain ikastetxekoak izan ziren italieraz, ingelesez eta euskaraz kantatuta. Rock-and-rollarekin eta guzt ausartu zirten. Amaiera baino lehen Txantxiku ikastolako bigarren taldeak hartu zuen oholtza; hauek ere ingelesezko pieza ezagunak abestu zituzten eta euskarazko batekin amaitu.
Ederrena, ordea, amaierarako gorde zuten, haur guztiak igo baitziren Santa Ana aretoko oholtzara. Lau abesti kantatu zituzten batera, erritmo biziko Kokoleoko afrikarrarekin hasi eta goxo-goxo Juantxo Zeberioren Muxu bat sentiberarekin amaitzeko.
Haurrek disfrutatu zuten, noski, baina gurasoek argazki eta bideo kamerak utzi barik, ez zuten segundo bakarra ere galdu etxeko txikienen ahots gozoekin. Oñati Herri kantuzaleak badu etorkizuna txiki hauekin.