Arantzazun gaua eginda, bertatik jeitsi da Jose Ignacio Munilla gotzaina ibilaldian parte hartu behar zutenengana, eta poliki poliki hasi dira bertaratu direnak bidea egiten.
Emakume eta gizonezkoak, heldu eta gazteak. Adin tarte ezberdinetako ehunka pertsona animatu dira Arantzazurako bidea egitera. Debagoiendarrez gainera, toki askoren artean Donostiatik, Azpeitiatik, Iurretatik edota Zarautzetik bertaratu direnek, antolatzaileek autoetan egokitu dituzten megafoniatatik entzuten ziren kantu eta otoitzak jarraitu dituzte.
"Gustura etortzen naiz ibilaldi honetara, otoitzaldia eginda zerbait berezia sentitzen dut". Hala adierazi du Begoña azpeitiarrak. Etxaniz urrestilarrak berriz, "urte mordoxka dira hona natorrela. Bakearen aldeko ekimena izanda, nahiz eta orain gauzak hobeto egon, oraindik zer egin badagoela esango nuke".
Bestalde, Frantzisko Aita Santua gogoan izan dute askok gaurko egunean eta ibilaldiko parte hartzaileek haren alde otoitz egin dute.