Herriko 150 umek elkarrekin abestuko dute domeka iluntzean Santa Anan. Urrian martxan jarritako Ikastetxeak Kantari egitasmoaren lehen kontzertua izango da.
Lehenengo aldiz
Ganbararen ekimenez, Oñatiko ikastetxeetan haur abesbatzen lana sustatu gura izan dute Lehen Hezkuntzako umeen artean. Ganbarako Aitor Biainen esanetan, proiektuak harrera ona izan du, "herriko 150 ume dabiltza astero kantuan ikastetxeetan".
Domeka honetan ume guztiak taula gainean ikusi ahal izango dira eta azken hilabeteetan ikasitako abestiak eskainiko dituzte. Askorendako lehendabiziko aldia izango da igandekoa eta gogoz ibili dira entseatzen. Kontzertua iluntzeko 19:00etan izango da Santa Ana aretoan.
Aragoiko kantuak
Bestalde, bihar, zapatua, kontzertua emango du Ganbara Txiki abesbatzak. Bidaurretan izango da kontzertu hori, zapatu eguerdian, 12:30ean.
Azken urteetan egin ohi dutenez, Pazko Astean zehar kontzertu desberdinak eskainiko dituzte aurten ere etxetik kanpo Ganbara Txikikoek. Aurtengoan, abeslariak Aragoi aldera joango dira. Apirilaren 2an Jakako katedralean abestuko dute. Gero Zaragozara joango dira eta han beste emanaldi bat egingo dute. Bidaiaren azken eguna, hiriburua ezagutu eta bertako jolas-parkera joateko aprobetxatuko dute, Oñatira itzuli aurretik.
Ganbara Abesbatzak, bestalde, apirilaren 6ean, Ejea de los Caballeros-eko abesbatza lehiaketan parte hartuko du. Uztailean, Austriara joango da, Spittal-eko nazioarteko abesbatza leihaketara.