Ganbara Txiki Abesbatzak kontzertua eskainiko du domekan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko martxoaren 19a

Ganbara Txikik bi emanaldi antolatu ditu aste bukaerari begira. Alde batetik, Ganbara Txiki abesbatzak Bidaurretan egingo du kontzertua, zapatuan. Pazko astean Aragoin eskainiko dituen kontzertuen aurrerapena izango da. Bestetik, Ikastetxeak Kantari egitasmoko lehenengo kontzertua egingo dute ikastetxeetako gaztetxoek. Santa Anan izango da hori, domekan.

Zapatuan, 12:30ean, Ganbara Txiki Abesbatzak Bidaurretan kontzertu berezia eskainiko du. Azken urteetan egin izan duen moduan, Pazko Astean zehar hainbat kontzertu eskainiko ditu etxetik kanpo. Aurten, Aragoi aldera joango dira; apirilaren 2an Jakan kontzertua eskainiko dute eta hurrengo egunean, Zaragozan. Hala, Aragoin eskainiko duten kontzertuen aurrerapena egingo dute etxekoen aurrean. Doan izango da.


'Ikastetxeak kantari' egitasmoa


Asteburuko bigarren emanaldia domeka arratsaldean izango da Santa Ana antzokian. Urrian martxan jarritako Ikastetxeak kantari egitasmoaren lehen kontzertua izango da. Ganbararen ekimenez, Oñatiko ikastetxeetan haur abesbatzen lana sustatu nahi izan da lehen hezkuntzako haurren artean. Proiektuak harrera bikaina izan du, izan ere 150 haur dabiltza astero kantuan ikastetxeetan.

Domekan guztiak taula gainean ikusi ahal izango dira. Askorentzat lehenengo aldia izango da domekakoa, horregatik, gogo biziz dihardute entseatzen. Kontzertua 19:00etan izango da Santa Anan eta sarrerak eguenean, martxoaren 21ean, erosi ahal izango dira 3 eurotan, Santa Anan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak