Jose Manuel Ruiz de Cenzano: "Guraso batzuek euren seme-alaben partiduetan izaten duten jarrera penagarria eta onartezina da"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko martxoaren 18a

Jose Manuel Ruiz de Cenzano Oñatin bizi da azkeneko 35 urteetan, Barakaldon jaioa izan arren. Eskubaloi jokalari eta entrenatzaile izan da, eta orain Euskadiko Federazioko presidente kargua hartu du. Ilusioz eta lanerako gogoz dago Ruiz.

Zorionak! Ilusioa bai, baina baita konpromisoa ere.
Eskerrik asko! Bai, ilusio handia daukat, eta konpromisoa oraindik handiagoa. Orain arte egin diren gauza asko mantendu daitezkeen arren, gauza asko ditugu aldatzeko. Talde polita sortu dugu eta lehenengo egunetik gabiltza lanean.

Orain dela lau urte ere aurkeztu zinen kargura. Zergatik aurkeztu zara berriro ere?
Egia esan babes handia jaso dut jende askorengandik. Azken bi urteetan hauteskundeak gertatzen ibili naiz, gaur egun dudan taldearekin azken urtean. Gipuzkoako 21 elkarteen babesa nuen. Hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko Gipuzkoako edo Bizkaiko babes osoa beharrezkoa da; Bizkaian 22 boto daude eta Araban lau. 35 boto lortu nituen, uste baino gehiago.

Zein da erronka nagusia?
Lurraldeko federazioekin harremana hobetzea da erronketako bat. Azkeneko urteetan harremana ez da ona izan, batez ere Gipuzkoarekin. Horrez gain, instituzioekin ere harremana hobetu egin behar dugu. Eusko Jaurlaritzaren menpe gauden arren, gainerako Diputazioekin ere harreman ona izan behar dugu. Bi erronka horiek beharrezkoak dira, horrez gain kirol erronkak ditugu. Uztailean lehiaketa eredu berriak aurkeztea nahi dizkiegu Lurraldeko federazioei. Egin nahi ditugun gauza guztiak Lurraldeko federazioekin hitzartuta egin nahi ditugu, ez guk esaten dugulako eta kito. Izan ere, kritikak berehala etorriko zaizkigu, edozer gauza egin orduko. 

Kirol arloan hainbat aldaketa egin nahi dituzu. Horietako batzuekin hasi zarete. Zeintzuk dira?
Epaileen estamentuari dagokionez, azkeneko urteetan epaile gutxi batzuek partidu mordoa adierazi izan dituzte. Hori aldatu beharra dago, partiduak denen artean banatu behar dira. Batzuk azkeneko hiru urteetan 56 partidutan izan dira, eta beste batzuk, ordea, 10 bat partidutan. Epaileen presidente berriaren ardura nagusia hori izango da; bestalde, kontuan hartu behar da epaile guztiek ez dutela maila bera. Hortaz, Euskal Ligan epaitzeko moduan ez daudenak beteranoekin jarri beharko ditugu, esperientzia hartzen joan daitezen. Gainera epaile batzuk probak pasa barik edo lizentzia barik ibili dira, eta horiek kanpoan geratuko dira orain. Lehiaketa eredua ere aldatzea nahi dugu, baina horrek denbora gehiago beharko du. Hautatzaileei dagokionez, aurrerantzean titulu nazionala izan beharko dute denek; Euskadin, titulua duten asko daude.

Kontabilitatea uste baino okerrago dagoela konturatu zarete.
Bai, kontabilitatea eramaten duenak ia egunero deitzen dit esateko gauza oso arraroak ikusten dituela. Nondik heldu ez dakiela dabil! Gainera, 2013ko aurrekontua gertatu barik dago eta hori ere egiteko dugu. Denboraldia irailetik maiatzera bitartean izaten den arren, kontabilitatea urte naturalean eraman behar izaten da, eta diru-laguntzak ere urte naturalaren arabera jasotzen dira.

Osatu duzun taldean nortzuk zaudete?
Epaileen presidente berria Asobal mailako epaile bat da, Juanjo Gude; zuzendari teknikoa, Goyo Villoria da; Lehiaketa batzordeko presidentea, Txema Hernandez;   diruzaina, Juango Diaz de Monasterioguren oñatiarra; eta, presidenteordea Jabi Zubiarrain, Asobal ligako presidente izan zena.

Hori federazioari dagokionez, baina euskal eskubaloiaren egoera nola ikusten duzu?
Euskal eskubaloiaren egoera Espainiakoaren antzerakoa da. Nahiko gaizki dago, ikusi besterik ez dago jokalari guztiek nola alde egin duten. Europako gainerako herrialdeetara joan dira jokalari on gehienak. Batez ere emakumezkoen mailan; Espainiako selekzioarekin jokatzen duten gehienak joan egin dira. Bestalde, esan behar da, elkarteek lan ona egiten dutela harrobiarekin: Oñatin, Arrasaten, Tolosan, Ordizian, Zumarragan... Oinarria ondo landuta dago baina goiko mailak ez daude ondo. 

Kezkatzen zaituen beste gai bat gurasoek umeen partiduetan erakusten duten jarrera da.
Bai, asko gainera. Taldeko kirol gehienetan ematen den egoera da hori. Izugarria da! Epaileak iraintzen dituzte –benjamin mailako partiduetan epaileak kadeteak izaten dira, adibidez–, entrenatzailearekin sartzen dira euren seme-alabek gutxi jokatzen dutelako, gurasoen artean haserretzen dira... umeei ondo pasatu behar dutela erakutsi behar zaie! Gertatzen dena ezin da onartu, penagarria da eta badakit ezin dela konpondu. Arazo honi irtenbidea aurkitu behar diogu.

Nola ikusten dituzu Debagoieneko taldeak?
Gizonezkoetan Arrasatekoak ondo dabiltza, igotzeko ilusioz. Emakumezkoetan, ostera, Aloña Mendik lan handia egiten du, beti egin izan duen moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak