Hiru puntuak etxean geratu dira

Imanol Gallego 2013ko martxoaren 17a

Ez da partidu erraza izan eta Aloñak bere joko eraginkorrari esker, puntuak Oñatin geratzea lortu du. Azken gola, polemika handia sortu duen jokaldi batetik irten da.

Lehen minutu lasai batzuen ostean Aloña Mendik, zelaian duen eraginkortasuna erakusten hasi da. Presioa handitu eta Zarautz bere kanpoan egotera bultzatu du. Abiadura handiko jokaldi batean lortu du Aloñak lehen gola. Area kanpotik alboko sake baten ostean Iñigo Zubiak kontrakoek deskuidu bat aprobetxatu du lehen gola sartzeko.

Horren ostean pase luzeetara bueltatu dira bi taldeak. Baina, Aloñak bigarren aukera bat ikusi eta probetsua atera dio. Unai Uribetxebarriak baloia area ingurura eraman du, eta albotik 2. zutoinera bidali du esferikoa, bertan Joseba Morenok buruz jo eta sare barrura bidali du baloia etxekoak bi goleko aldearekin utziz. 2-0 emaitzarekin bukatu da lehen zatia.


Estrategia aldaketa
Bigarren zatia hasi bezain laster Zarautzek bi aldaketa egin ditu eta jokoa zeharo aldatu da. Aloña bere kanpoan pilatu da eta Zarautzek presioa areagotu du. Kanpokoek 61 minutuan sartu duten golak berdinketarekin amesteko aukerak eman dizkie. Falta baten ondoren egindako jokaldi estrategiko baten ostean lortu dute gol bakarra. Baina eztabaida handia sortu duen jokaldi baten osteko golak itxaropen guztiak ezabatu dizkio zarauztarrei.

Arbitroak ikusi ez duen eskuak jokoa moteldu eta Jon Ander Kortabarria baloiaren jabe egin da. Ia zelai osoa gurutzatu ostean Unai Uribetxebarriari eman dio pasea eta bakarrik zegoen atezaina erraz gainditu du. Azkenean premiazkoak ziren hiru puntuak ez dira Oñatitik irten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak