Felix Javier Martinez eta Lourdes Oiartzabal irabazle, Oñatiko duatloian

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko mar. 16a, 22:24

Gizonezkoen artean ezustekoa izan da Kantabriako Felix Javier Martinezek irabaztea proba. Emakumeetan Lourdes Oiartzabal izan da irabazlea 2:20:13ko denborarekin eta atzetik helmugaratu dira Leire Etxezarreta eta Nerea Gambra. Debagoiendarren artean, Beñat Arnaiz izan da azkarrena eta oñatiarren artean, berriz, Xabier Luis Urzelai. Gizonezkoen talde onena, Triatlon Santander izan da eta emakumezkoetan Gasteizko KO Triatloi Taldea.

Asteburuko kirol kronikak

Bost laguneko taldea lehia bizian ibili da ia azken metroetara arte. Tartean zeuden bigarren gelditu den Benoit Kuentz frantseza eta Iurgi Etxeandia gernikarra, joan zen astean Euskadiko txapeldun egin zena Durangon distantzia laburrean eta joan zen urtean berak lortu zuen Oñatiko duatloiko garaipena, gainera. Baina, Martinezek azken metroetan indarrak batu eta 2:08:47ko denboraz amaitu du proba. 

286 parte-hartzaile izan ditu aurtengo Oñatiko duatloiak eta azken urteotan bezala, maila handiko kirolariek hartu dute parte.

Lasterketaren hasieran, 15-20 lagun inguruko talde bat aurreratu zaie gainontzekoei. Bizikleta hartu eta Bergarara iritsi orduko, talde hori hamarrera murriztu da eta Udana hasieran bost laguneko taldea zioan lasterketaren buruan. Hasierako talde horretan egon dira kirolari hauek: Felix Javier Martinez, Benoit Kuentz, Iurgi Etxeandia, Guillaume Ducasse, Beñat Arnaiz aretxabaletarra, Rodrigo Rodriguez eta Luis Maria Urizar. 

Lurra bustita zegoenez, beste batzuetan baino kontu handiagoz ibili behar izan dira bizikletan Udana jaisten. Tartean, kirolari batek erorikoa izan duelako anbulantzian ospitalera ere eraman behar izan dute, baina ez zaio ezer larririk gertatu.

Eta korrikako azken metroetan erabaki da lehian zein zen bizkorrena; azken trantsizioraino ez da erabaki lasterketa nork irabaziko zuen. Garai enpresaren inguruan Felix Javier Martinez gainontzekoei aurreratu zaie eta azkenean berak lortu du denbora onena egitea. Kantabriako beteranoak bere esperientzia erakutsi du Oñatiko proban, azken urte eta erdian horrelako probak alde batera utzita eduki arren. Martinez sei aldiz izan da Espainiako txapeldun duatloietan, hiru aldiz irabazi du Suitza eta Frantzia arteko proba garrantzitsua eta Lanzaroteko ironman-ean ere askotan parte hartutakoa da eta behin baino gehiagotan irabazi du, gainera.

Emakumeen artean, lasterketa guztian nagusitu da Lourdes Oiartzabal. Hala ere, bi segundoren ostean helmugaratu da Leire Etxezarreta eta segundo bat geroago Nerea Gambra eta Veronica Dominguez.

Dopin frogak lehenengoz Oñatiko duatloian

Aurtengo Oñatiko proban beste ezusteko bat ere egon da. Izan ere, horrelakoetan egiten den bezala, aurrez abisatu gabe, dopin frogak egin dituzte. Lasterketa hasita zegoela abisatu diete antolatzaileei amaieran dopin frogak egin beharko zituztela kirolari batzuk.

Erabaki dute lehenengo helmugaratzen zirenei egitea frogak eta horien erantzuna pare bat aste barru jakinaraziko dira. Ondorioz, Mikel Larrea antolatzaileak esan digu, sari banaketa beste batzuetan bezala egin den arren, diruzko sariak ez direla banatu eta dopin froga horien erantzunak jakitean banatu beharko dituztela diruzko sariak.

Balorazio positiboa

Antolatzaileek aurtengo duatloiaren balorazio positiboa egin dute. Mikel Larrea antolatzaileak esan digu oso gustura gelditu direla beste urte batez Oñatiko duatloiak izan duen harrerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak