Musika Eskolako ikasleek herritar guztientzako emanaldi gozoa egin zuten Santa Anan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko martxoaren 16a

Iazko esperientzia ona gogoan, musika eskolakoek egubakoitzean Santa Anan egin zuten senitartekoentzat gainera, herritar guztientzako kontzertua. 60 ikaslek, ordubete pasako emanaldia egin zuten euskal kantu klasiko eta herrikoi zein atzerriko pop eta rock kantuekin osatutako errepertorioan.

Lau taldetan banaturik, bakoitzak bere ukitua eman zion eskuetan zituzten instrumentuekin ohikoak ez ziren doinuak eskainiz.

Lau taldetan banaturik

Estreinekoz jendaurrean jotzen zuen Triki Konbo taldeak ekin zion; trikitixa, gitarrak, baxua eta ahotsarekin, Etzakit, Itoiz eta Gozategiren kantu bana eskainiz. Akordeoi taldea izan zen bigarrena, Deep Purplen Smoke on the water kantuaren bertsio bitxi eta politarekin. Jarraian, Titanic fimearen soinu banda eta ondoren, Oñatz dantza taldeko bi kidek dantzatu zituzten fandango, arin-arin eta biribilketa banarekin borobildu zuten zegokien atala. Trikitixa eta pandero taldearen txanda izan zen gero; euskal kantu ezagunak aukeratu zituzten horiek: Gorka Knör, Benito Lertxundi eta Kepa Junkerarenak, besteak beste. Eta emanaldia borobiltzeko, Haize taldeak, Sister Act eta Toy Story filmetan sartu gintuzten eta baita I will survive kantuarekin dantzarako gonbidapena egin ere. Amaiera polita eman zioten emanaldiari, La greve de musicienes (Musikarien greba) abestiarekin bertaratutakoei propina berezia emanaz; taularen gainean zeuden haize taldeko musikariak banan-banan eszenatokia uzten joan ziren, bukaeran bi bakarrik geldituz.

Musikazaleak gustura, txaloka eta kantuan

Ikusleek gustura jarraitu zuten emanaldia, kantuen artean txaloak egin eta baita entzundako doinuak kantatzen ere. Musika eskolakoak ere, gustura egindako lanarekin, emanaldiaren hasierako urduritasuna gaindituta, hilabetetako lanak emandako fruituaz harro, herriari eskolan egindakoa modu xume baina, era berean, dotorean erakutsita.

Datorren astean beste bi emanaldi

Astelehen eta eguaztenean, beste bi kontzertu egingo dituzte Jose de Azpiazu eskolako beste ikasle batzuek; oraingoan, baina, gurasoentzako emanaldiak izango dira. Hala ere, lanean jarraituko dutela agindu digute, bereziki, apiirilaren 27an Oñatin egingo duten Euskal Herriko Musika Eskolen Musikaldia topaketarako prestatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak