Kirol zerbitzuei buruzko iritzia jakin gura dute

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko martxoaren 16a

Erabiltzaileen asebetetze maila jakin gura du kirol sailak, eta inkestak egiten ari da.

Zubikoa kiroldegiko zerbitzuen erabiltzaileen asebetetze maila ezagutu gura du udaleko kirol departamenduak eta hori jakiteko, inkestak ari da egiten.

Helburua da kiroldegiko erabiltzaile kolektibo ezberdinen asebetetze maila baloratuz, zerbitzuen hobekuntzarako proposamenak plangintza estrategiko baten barruan jasotzea. Martxoaren 4an hasi ziren inkesta horiek egiten, eta egubakoitza arte, hilaren 22ra arte, egingo dituzte.

Galdetegia
Zerbitzuen araberako galdetegiak daude aukeran. Adibidez, zerbitzu orokorren gaineko galdetegia kiroldegiko harreran eskuratu daiteke; gimnasia eta fitness zerbitzuen gaineko galderak, monitoreek banatuko dituzte eskaintzen dituzten zerbitzuetan; ur ekintzak eta igeriketa ikastaroak baloratzeko bete beharreko orriak, kiroldegiko ur eremuan daude eskuragai; kirol instalazioak baloratu gura dituenak, harreran eskatu behar du galdetegia eta eskolak eta kirol elkarteei buruzko iritzia eman gura duenak, azkenik, galdetegi indibidualizatua izango du.
Kirol zerbitzuen gaineko iritziak eta proposamenak jasotzeko galdetegiak, kutxa baten ondoan daude, mahai gainean. Kiroldegiko zerbitzu guztietan daude mahaiak jarrita. Erantzunak anonimoak izango dira eta bakoitzak gura duen galdetegia bete ahal du.

Udal zerbitzuen inguruan herritarrek duten iritzia jakiteko asmoz, inkesta egin zuten urtarriletik otsaila bukaera arte. Kultura eta kirol zerbitzuen inguruan ahalik eta datu gehien jasotzeko beste inkesta bat egingo zutela aurreratu zuten orduan.

Igerilekuak itxita
Bestalde, aurten ere igerilekua itxita egongo da Aste Santuko oporren bueltan. Hain zuzen ere, martxoaren 25etik apirilaren 1a arte itxita egongo dira, bi egunak barne. Kiroldegiko gainerako zerbitzuak bestalde, zabalik egongo dira, Aste Santuko jai egunetan izan ezik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak