Lingua Nabajorum antzezlana eskainiko dute gaur, egubakoitza, gauean gaztelekuan. Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira aktoreak eta "euskararen historia txoroa" kontatuko dute. 22:30ean da antzezlana, sarrerak zortzi euro balio du eta Korrika kulturalaren egitarauaren barruan sartzen den ekintza da.
Eguenean, hilak 21, iritsiko da Korrika 18 Oñatira, 05:00etan, eta astebururako prestatu den egitarauak eta martitzenean egingo den Korrika txikiak iritsiera girotuko dute.
Herri bazkaria bihar
Gaurko antzezlanaz gain, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko. Goizean, Oñatz dantza taldekoek aurkezpen dantza egingo dute Foruen plazan. Txaranga poteoa egingo da segidan eta goiz osoan zehar Korrikako materiala salduko dute herriko plazan. Eguerdian, herri bazkaria egingo dute berdura azokan eta bazkal ostean, bertsolariek jardungo dute. Arratsaldean, berriz, herri kirolak izango dira eta gauean herriko musika taldeen kontzertua Antixenako gaztetxean.
Korrika Txikia
Bestalde, eguaztenean, hilak 20, hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek Korrika txikia egingo dute txandaka lekukoa eramanez; 14:30ean abiatuko dira Foruen plazatik. Haur Hezkuntzakoek, berriz, bakoitzak bere ikastetxean egingo du Korrika Txikia. Arratsaldean txokolatea banatuko dute Pago Uso eta Makalena elkartekoek Foruen plazan eta txorimaloak ere aterako dira musika eskolako ikasleekin batera, kalejiran.