Eguaztenean, hilak 20, sartuko gara udaberrian, eta Pake Leku erretiratuen elkartean ekitaldi ezberdinak jasotzen dituen egitaraua prestatu dute udaberriari ongietorria emateko.
Gernikako aktoreak
Astelehenean, Kirola bizia da hitzaldia egongo da. Osasun zentroko bi erizain dira hizlariak, Isabel Arenaza eta Kizkitza Alustiza. 17:30ean izango da Pake Lekuko areto nagusian. Martitzenean, Gernikako erretiratuen etxeko aktoreek, Yo por mi pueblo, cualquier cosa antzezlana eskainiko dute Santa Anan 17:30ean. Eta eguenean, bingo berezia egongo da erretiratuendako Pake Lekun.
Irteera eta batzar orokorra
Bestalde, egubakoitzean, irteera egingo dute Legazpiko Mirandaola burdinolara. Txillidaren tailerra ere bisitatuko dute, besteak beste. Irteera horretara joateko, baina, izena eman behar da aurretik. Horretarako azken eguna egubakoitza da, hilak 15, 18:30etik 22:00etara. 5,5 euro da bidaiaren prezioa.
Mirandaolarako irteera goizean egingo dute eta arratsaldean, berriz, urteko ohiko batzar orokorra. Batzarraren ostean, zuzendaritzako kide berriak izendatuko dituzte.