Musika eskolen topaketa egingo dute Oñatin, apirilaren 27an

Mireia Bikuña 2013ko martxoaren 15a

Musikaldian 42 musika eskolatako 2.500 ordezkari elkartuko dira, helburu bakar batekin: musika eskoletan egiten den lana erakustea. "Musika eskoletan lan handia egiten dugu. Ez dugu musika bakarrik erakusten. Formazio zabalagoa ematen dugu. Musikaldia bezalako ekitaldiekin gure lana kalera ateratzeko aukera izaten dugu", esan digu Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskolako zuzendari Aitor Madinak. 

Musikaldia bi urtean behin egiten dute, eta, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ekimena bada ere, herririk herri antolatzen dute. Aurtengoa Oñatiko musika eskolaren esku dago. "Lan handia da, baina aberasgarria izango delakoan gaude. Ikasleekin irailean hasi ginen urteko egun handia prestatzen. Hilabete dugu aurretik azken ukituak emateko, bai ikasleekin eta baita antolakuntza aldetik", dio Madinak.

Azken Musikaldiak egun erdikoak izan dira, baina Oñatikoa egun osokoa izango da. "Egun erdiko egitaraua edo egun osokoa antolatzeko aurrekontuak oso antzekoak ziren. Pentsatu genuen egun osokoa egitea. Besteak beste, krisi garaian egonda, 50.000 euro ditugulako topaketa antolatzeko. Diru hori fundamentuzko ekintzekin gastatuko dugu", esan digute Jose de Azpiazu musika eskolan.

Sei gune musika entzuteko

Musikaldiak sei gune nagusi izango ditu: Foru plaza, unibertsitate aurrea, Santa Ana antzokia, parrokia, San Migel Txikiko plazatxoa eta Atzeko kalea. Horietan guztietan, musika izango da protagonista. "Parte-hartzaile kopurua ikusita, ez dakigu nola antolatuko dugun. Talde handiak Foru plazan egongo dira, abesbatzak parrokian, talde txikiagoak unibertsitate aurrean...", esan digute.

Sei guneetan musika aldi berean ez egotea lortu gura dute. "Herritarrek gune guztietako musika entzutea da gure gogoa. Bi edo hiru gunetan saioak aldi berean badaude, talde batzuen emanaldiak galdu egingo dituzte. Baina talde asko etorriko dira, eta zaila izango da hori lortzea", esan digu Arantzazu Bikuña irakasleak. 

Iban Garate aurkezle 

Musikaldirako azken ukituak lotzea falta den arren, egitaraua zehaztuta daukate. Aurkezpen ekitaldia 10:30ean egingo dute Foru plazan. Iban Garatek egingo ditu gidari lanak. 

Han egongo dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburu Cristina Uriarte, Oñatiko udal ordezkariak eta musika eskoletako ordezkariak. Berbaldien ondoren, Musikaldirako propio egindako abestiaren estreinaldia egingo dute (goiko taulan). "Musika eskolako ikasle izandako bi lagunek egin dute abestia: Egoitz Aizpuruk idatzi du letra eta Lander Diaz de Gereñuk sortu du musika", esan digute.

Segidan, 11:00etatik 14:00etara musika emanaldiak egingo dituzte sei guneetan, eta, bazkaldu aurretik, gorputz-perkusioarekin dantza erakustaldia egingo dute. "Musikaz gain, beste hainbat arlo jorratzen ditugu eskolan. Gorputzarekin perkusioa landu daitekeela erakutsiko dugu", dio Bikuñak.

Arratsaldeko emanaldiaren ondoren, hainbat koreografia eginez bukatuko dute Musikaldia. Dantzak www.jazpiazumusikaeskola.com atarian zintzilikatu dituzte. Ondoren txokolate-jana eta Obaneuke taldearen erromeria egongo dira.

Irailean, 25. urteurrena 

Jose de Azpiazu musika eskolak 25 urte beteko ditu irailean hasiko duen ikasturtean. Musikaldiaren antolakuntza urteurreneko ekitaldien barruan sartu dute. Egun, Gorritxitxin dute egoitza, eta 340 bat ikasle dituzte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak