Duatloi zirkuiturako lasterketa puntuagarria Oñatin

Mireia Bikuña 2013ko martxoaren 15a

Oñati Triatloi Taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatutako proba distantzia motzeko lasterketa da; hau da, 10 kilometro korrika, 40 bizikletan eta bost korrika. Era berean, Euskal Herriko duatloi zirkuiturako zazpigarren proba puntuagarria da, eta 15:30ean hasiko da.

Iaz, Gipuzkoako txapelketa izan zen Oñatiko duatloia. Aurten ez. Horrek baina, ez du eragingo parte-hartzaile kopuruan eta euren mailan. "Domekan, beste lekuren baten probaren bat egon izan balitz, horrek eragina izango luke parte-hartzaile kopuruan. Baina, domekan ez dago beste probarik. Gipuzkoako txapelketa ez da gurean jokatuko, baina zirkuiturako puntuagarria denez, duatletarik onenak espero ditugu", esan zion GOIENAri Oñati Triatloi taldeko kide Unai Pedregalek.

Izen propioak aipatzearren: Nicolas Capoferri frantziarra eta Gurutze Frades. Azken horrek triatloietan parte hartzen du, eta Espainiako txapelketa irabazi zuen iaz. 

Berrikuntza barik 

Biharko duatloiak ez dauka berrikuntzarik. Orain dela bi urte ibilbidea luzatu zuten, baina aurtengoak ez dauka aldaketarik.

Antolatzaileek 400 lagunendako lekua dute, baina 300 bat espero dituzte. "Ez ditugu leku guztiak beteko. Ibilbidea luzatu genuen urtean, 400 egon ziren, baina, oraingoan gutxiago izango dira", esan zigun Pedregalek.

Proba Foru plazan hasi eta bukatuko da. 15:30ean emakumeek hasiko dute proba, eta 15:45ean mutilak. Antolatzaileen aurreikuspenak betetzen badira, lehena 17:30 aldera helduko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak