Kortak kirola eta gizartea izan zituen ardatz Oñatiko batzokian

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 14a

Arrauneko patroi eta entrenatzaile Jose Luis Korta Oñatiko batzokiraino gerturatu zen atzo arratsaldean. Bertan, kirolaz eta gizarteaz egin zuen berba, eta garaiek eduki duten bilakaera zein dopin kontuak ere hartu zituen ahotan gipuzkoar ezagunak.

Oñatiko batzokian izan zen atzo Jose Luis Korta kirolari ezaguna Kirola eta Gizartea izeneko hitzaldia ematen. Jende ugari bertaratu zen Oriokoak esateko zituenak entzuteko asmoz.

Bere bizitzari errepasoa eginez hasi zen eta besteen artean, urte guzti hauetan garaiak nola aldatu diren eta jendarteak kirola bizitzeko moduak garaiekin batera eraldatu direla ere adierazi zien bertaratutakoei. "Nik arraunean egin badut, orduan besterik ez geneukalako izan da. Egun, jendeak aukera pila bat ditu, eta kiroldegira joaten dira gehienak". Baina batzokiko gonbidatuak joku zikinaz edota dopin kontuez ere mintzatu zen, besteen artean.

Korta 70. hamarkadan hasi zen arraunlari gisa, eta bere ibilbide profesionalean garaipen ugari erdietsi ditu gainera. Ongi ezagutzen du kirola zer den, eta kirolak berak daukan osagai nagusia eguneroko bizimodurako baliagarria izan daitekeela adierazi zuen. "Sakrifizioa da oinarria. Taldeagatik lan egin behar izaten da, eta gogorik izan ez arren, indarrak ataratzen dituzu. Horrek egunerokorako balio du".

(Korta batzoki kanpoan protestan zeudenekin)

Bestalde, hitzaldia hasi aurretik PNVren gizarte eredua patetikoa esaten zuen pankarta eskutan zutela, protesta egin zuen talde batek, Batzokiaren kanpoaldean. Korta batzokitik irten eta haiekin egin zuen berba, eta protestan zeudenek esan zioten ez zutela beraren kontra egiten, EAJren jarrera salatzen zutela baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak