Arantzazuko Artzain Eskolak 16 urte daramatza artzainei formazioa eskaintzen, tokiko ardi arrazaren, hau da, ardi latxaren, defentsa egiten eta animalia eta ingurumenarekiko errespetua bultzatzen. Gaur, eguena, Artzain Eskolaren XVI. Ikastaroaren amaiera ekitaldia egin dute Arantzazun eta zortzi ikasle gizonezkok jaso dute diploma eta artzain makila. Batis Otaegi Artzain Eskolako koordinatzaileak ikasturtearen balorazio positiboa egin du. Eta ikasleek ere esan dute gustura egon direla ikasturtean zehar.
Teoria eta praktika
Urrian hasi eta bost hilabeteko ikasturtea izan dute; hamar astez teoria eman dute eta beste horrenbeste astetan praktikak egin dituzte. Abadiñoko Gorka Gorostiza ikasleak esaterako, aurretik Artzain Eskolan ikasi zuen artzain baten esplotazioetan egin ditu praktikak.
Batis Otaegik gaineratu du eguraldiak ez diela askorik lagundu ikasturtean zehar, eta ondorioz, irakasgai ona izan dutela ikasleek.
210 artzain
Aurtengoarekin, guztira 210 artzain prestatu dituzte Arantzazuko Gomiztegi baserrian dagoen eskolan eta horietatik 111k ardien sektorearen sare sozioekonomikoan txertatzea lortu dutela ere azaldu du Otaegik.
Ikasleen profila
Azken ikasturte hau arrakastaz amaitu duen 8 ikasleetatik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2 gipuzkoarrak dira, 2 bizkaitarrak eta 1 arabarra, eta beste hirurak beste erkidego autonomoetakoak dira.
Artzain Eskolako ikasturte guztien zifra globalei dagokienez, ikasle gehienak, % 78, gizonezkoak izan dira, eta ia %70 EAEko ikasleak izan dira. Ikasle gehien eman dituen lurraldea Gipuzkoa da (73), eta ondoren daude Bizkaia (40) eta Araba (33). Halaber, esanguratsuak dira Nafarroatik eta estatuko beste erkidego batzuetatik etorritako ikasleen zifrak (38) eta atzerritik etorritakoenak (26). Urteko batez bestekoa 13 pertsona da.
Adinari dagokionez, batez bestekoa 26 urte da, eta % 94 abeltzain gazteen kategorian sartzen dira, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen barruan. Ikasle guztietatik % 51 artzainak edo artzainen seme-alabak dira, eta ardien sektorerako bokazio argia dute. Zehazki, 100ek baino gehiagok artaldea dute dagoeneko, batez beste 355 bururekin.
Omenduak
Urtero bezala, omenduak ere izan dira ekitaldian. Aurten Juana Irastorza, Felix Goiburu eta Karmele Murua artzainei egin diete omenaldia, baita Idiazabal Jatorri Izendapeneko Elkarteari ere, Idiazabal gaztaren inguruan egindako promozio eta balio erantsiaren inguruko lanagatik.