Miguel Maiztegi: "Garai hartako EA gehiago gustatzen zitzaidan, kontserbadoreagoa zen, orain ezkerrera egin du"

Imanol Gallego 2013ko martxoaren 13a

Pertsona gutxik ezagutuko dituzte Arantzazuko inguruak Miguel Maiztegik baino hobeto. Bere familiak 200 urte baino gehiago daramatza Goiko Bentan, nahiz eta, benta XVI. mendean sortu zen. Soilik baserri-giroak ematen duen kutsu hori nabari zaio Maiztegiri, zentzuzko gizona, zintzoa... Hitz bakarrean, Maiztegi etxekoa da; eta balore horiengatik eta sinpatia kontu bategatik sartu zen politika munduan.

Zein izan zen politikan sartzeko arrazoia?

Sinpatia kontua bat izan zen. Garaikoetxea gustuko nuen eta  bere politikaren aldekoa nintzelako. EAJkoak, baina Garaikoetxearen aldekoak.

Zuk EAJ eta EAren arteko banaketa bizi izan zenuen. Nola izan zen prozesu hori?

Nahiko xelebrea izan zen. Herriko jendearen artean, betiko lagunak izan arren, agurtzeari utzi genion. Zorionez, kontu horiek guztiak atzean geratu dira eta gauzak bere onera bueltatu dira.

Zu sartu zinen momentuan Oñatin gauza asko egiteke zeuden.

Gauza asko bai. Gogoan daukat herriarendako oso ona izan zen alkate bat egon zela. Korkostegik hirigintza kontuetan oso ideia onak izan zituen. Kontua baina oso bestelakoa izan zen, proiektu asko bere ideiak izan arren, EAJk bereak izango balira bezala hartu zituen.

Herri batean pentsatzean herrigunea etortzen zaigu burura, baina Oñati hedadura handiko herri bat da eta gainera, zenbait berezitasun ere baditu. 

Oñatik auzo asko ditu eta herriak  duen tamainagatik oso behar ezberdinak zituzten eta dituzte. Gainera, arlo askotan Oñati kasu berezia da. Ur-jauzien kontua adibidez, hori Oñatiren berezitasun bat da. Gogoan daukat ni zinegotzi nintzela erosi genituela. Martxan jarri... jendeak errezeloz ikusi zuen proiektua. Zorionez, urteek arrazoia eman digutela esango nuke. 

Zinegotzien kasuan herria da zuen nagusia. Inoiz egin dizute errieta?

Galantak gainera! Ur-jauziak erosi ostean 840 milioi pesetako zorra geratu zen udaletxean. Garai hartan dirutza ikaragarria zen. Orain berriz horrelako proiektu handiak, urteen poderioz, beste begi batzuekin ikusten ditugu. Gastua beharrean inbertsio moduan hartzen ditugu.  

EA ez zen gobernuan egon. Zertan datza oposizio lana?

Ez da lan erraza! Jendeak uste du agintean dagoenari kontra egitea besterik ez dela, baina hori ez da horrela. Oposizioak zaintza papera dauka eta gobernuak egiten duena ongi badago, bere ondoan egoteko ardura dauka. Beti ez esan behar. 

EAk urte latzak pasa ostean Bildun dagoenetik hobeto dagoela dirudi. Beno nik EA lehen eskumarago ikusten nuen, orain ezkerrera egin duela uste dut.

EA Bildun sartu izana ona da?

Beno, emaitzei begiratuta ona izan da. Udal hauteskundeetan Bilduk eskuratu zituen emaitzak ez zituen inork espero. Hortaz ona izan da nonbait!

Oñatiar batentzako nola da bere partidua arrasatear batek zuzentzea?

Zuzendari ona bada berdin dio Arrasatekoa, Gasteizkoa edo beste herri batekoa izatea.

Baina bi herri horien artean beti egon dira hika-mika handiak. 

Betidanik. Gerrate gehienetan Arrasate eta Oñati bando banatan egon dira. Baina horiek oso aspaldiko kontuak dira.

Norbere partiduarekin kritikoa izatea beharrezkoa da?

Dudarik gabe. Bakoitza da bere etxea ondoen ezagutzen duen pertsona. Guztien ideiei esker irteten dira partiduak aurrera. Zer behar du politikari batek bere lana ongi egiteko?

Gauzak ondo egiteko gogoa eta lanerako grina besterik ez. Politikari batek herria aberasteko egin behar du lan, ez poltsikoa. Dirua ondo kudeatu, lana sortu... Aberastasuna herriak igarri behar du. 

Lehen politikariek ospe hobea zenuten.

Lehen politikari izateak errespetua ematen zizun, baina egunero ikusten ditugunak ikusi ostean... Errespetu hori galdu da!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak