Ganbara Txikikoak zomorro bihurtuko dira domekan

Ane Miren Etxeberria 2013ko martxoaren 12a

Oñatiko Santa Ana aretoa zomorroz beteko da domekan arratsaldeko 19:00tatik aurrera.  Ganbara txikiko kideek 'Xomorroak' musikala aurkeztuko dute.  

Musikal honen jatorrizko bertsioa ingelesez dago eta Oñatin antzeztu behar den musikalerako testua espreski moldatu du Ganbara Txikitxoak. Bertan bost xomorro koadrilen abenturak kontatzen dira: euliak, mantalgorriak, erleak, harrak eta matxinsaltoak. “Lagun hauek, negua lozorroan pasa ondoren, irrikitan daude udaberria iritsi eta inguruko zelaiak jendez gainezka egoteko. Eguraldi onarekin batera, jendea egun-pasa egitera hurbiltzen da eta orduan, gure xomorroek, zelaian egiten diren bazkari eta piknik gozoak dastatzeko aukera paregabea dute. Gogo biziz egoten dira piknik egunaren zain, baina, ezustean, usain gogaikarri bat iristen zaie. Zimitza da! Inorrek ez du zimitzaren alboan egon nahi, bere usain nazkarriak lagun guztiak uxatzen ditu eta! Zimitzak piknika izorratuko duenaren beldur dira xomorroak, horregatik ez dute zimitza onartzen taldean. Horrelako eztabaidatan ari direla, pinpilinpausa eder bat azaltzen da xomorroek dituzten arazoei konponbide bat emateko asmoz”.

Aragoiko bidaia

Ganbara Txiki taldeak apirilaren 2an hasiko du bere bidaia. Aurtengoan Jakara joango dira katedralean kontzertu bat eskaintzera. Handik Zaragozara bidaiatuko dute. Bi egunez Aragoiko hiriburuan kontzertuak eman ostean etxera itzuliko dira.

Txikiek bidaia amaitzen dutenean nagusien txanda iritsiko da, izan ere, apirilaren 6an Ejea de los Caballeroseko abesbatza lehiaketan parte hartuko dute. Uztailean aldiz, Austriara abiatuko dira, Spittal-eko nazioarteko abesbatza leihaketan parte hartzera eta jadanik, hitzordu berezi horren prestakizunetan ari dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak