Oñatiko benetako arazoei irtenbideak bilatzeko asmoz, 130 ikaslek gogoeta eta lan egiten jardungo dute atzo eta gaur, gizarte-erantzukizunaren ikuspegi batez.
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak Oñatiko campusean antolaturiko gizarte-erantzukizunari buruzko jardunaldietan honako ikasle hauek hartuko dute parte: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko ikasleek –50 baino gehiago–, Txantxiku Ikastolakoek –30 baino gehiago–, Elkar Hezikoek –20 inguru– eta Herri Institutukoek –20 inguru–. Jardunaldiak hainbat asmo izan ditu: adin desberdinetako pertsonen arteko gizarte-kohesioa bultzatzea, partaideen artean esperientziak trukatzea, eta benetako arazoei elkarlanean irtenbideak eraikitzeko konpetentziak eskuratzea. Jardunaldia bukatzeko, ikasleek herriko benetako arazoei irtenbidea emateko aurkezturiko proiekturik hoberena aukeratu dute.
Gizartea aldatzeko konpromisoa
Jardunaldiak bat datoz Mondragon Unibertsitateak gizartea eraldatzeko duen konpromisoarekin, eta ikasleek gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren alorreko benetako arazoetan oinarrituz lan egitea bilatzen du, horiei irtenbidea eskaintzeko.
Atzoko jardunaldian gizarte-eginkizunaren esanahiari buruz hausnartu zuten. Hala, irizpide etikoak ezarriz ingurunean dauden erronka nagusiei erantzuteko moduaz aritu ziren ikasleak. Horrekin batera, diziplina anitzeko lan-taldeak osatuta, tokiko arazo nagusiak, sozialak, ekonomikoak nahiz ingurumenekoak aztertu zituzten. Azken batean, jardunaldiek arazo horiei erantzuna emateko irtenbideak bilatzea izan dute helburu, eta sortu ziren taldeek proposamenak egin zituzten.
Gaur, martxoak 8, arlo bakoitzean planteatutako arazoen arabera sortzen diren ideiak azaldu dituzte ikasleek. Hala, talde bakoitzaren proposamena 10:30etik 13:00etara bitartean aurkeztu dira. Hiru finalistak (arlo bakoitzeko bat) saritu dira.