Izan ere, estazioetakoarekin alderatuta, horixe du mendiko eskiak, taulen azpian jarritako larruen laguntzaz, gora ere norberak joan behar duela. Badira gorako bidea oinez egiten dutenak ere, dena den: snowboarda egiten dutenak, adibidez, eta hori nekezagoa da. Baina edozer, neguko kirolez etxean bertan disfrutatzeagatik; ilunduta, argiekin ibiltzen denik ere bada.
"Egundoko plazera da; lanetik goiz atera eta eskiatzera, eta gero ardo pare bat hartu", dio mendian behera topatu dugun Gotzon Ormazabalek. Zumarragakoa da, baina tontorretan sumatzen diren berbakerek eta haietan entzundakoek diote urrutiagotik ere etortzen direla gurera eskiatzera: "Jaizkibelen ere zuritu zuen"; "Saioa mendian ere leku onak daude eskiatzeko", entzundakoetako batzuk. Aurten berriz elurrik egingo duen jakin ez, bestela datorren neguan gehiago.

