Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira askotariko ekitaldiak egingo dituzte datozen egunetan; besteak beste, emakumeen lasterketa, bazkaria, mahai-ingurua eta hitzaldia. Ekitaldi horietako batzuk Oñatiko Emakumeen Sareak antolatu ditu eta beste batzuk,Udaleko Berdintasun Sailak. Dena den, horietan guztietan, emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzte, ozen.
I. Lilatoia
Berrikuntzak ere badaude Martxoaren 8aren harira. Lehenengoa gaur, egubakoitza, 18:00etan egingo duten lasterketa: I. Lilatoia. Oñatiko Emakumeen Sareak eta Abixaran taldeak lau kilometroko ibilaldia zehaztu dute: Foru plaza-Zubikoa kiroldegia-Bidebarrieta-Kalegoiena-Bidaurreta-Euskadi etorbidea-Santa Marina plaza-Portu kalea-Kale Zaharra-Lizaur kalea-Postetxea-Foru plaza.
Aurreko domekan Donostian egindako Lilatoiaren lekukoa hartu gura dute oñatiarrek. Antolatzaileek esan dute "korrika lasai eta denok batera" egingo dutela. Dena den, korrika ez ezik, patinetean eta bizikletan ere egin daiteke proba. Parte-hartzaileendako dutxa zerbitzua egongo da Zubikoa kiroldegian.
Emakumeen bazkaria
Beste berrikuntza bat bihar emakumeek egingo duten bazkaria izango da. 14:00etan elkartuko dira, gaztetxean. Asteon saldu dituzte bazkarirako txartelak eta 30 bat emakumek erosi dute.
Bazkaldu ondoren, herriko trikitilariek emanaldia egingo dute.
Emakume horiek, baina, beste hitzordu bat dute bazkaldu aurretik: 13:00etan, herriko emakumeen argazkia egingo dute Foru plazan. Bihar, gainera, emakumearen itxura oinarri duen Pottola antzezlana egongo da Santa Ana antzokian, 19:30ean.
Mahai-ingurua
Oñatiko Emakumeen Sareak eta Udaleko Berdintasun Sailak dituzten ekitaldietako batzuk aste bukaeran dira, baina beste hainbat datozen egunetan egingo dituzte. Adibidez, hilaren 13an, mahai-ingurua egingo dute, Zer da hizkuntza sexista? gaiaren gainean. Gizarte Zerbitzuetan (Bidebarrieta kalean) egingo dute berba gai horren inguruan, 18:00etan. Hilaren 19an, Ekonomia eta emakumearen papera delako hitzaldia egingo dute kultura etxean, 18:30ean; eta 21ean ipuin kontaketa saioa, haur liburutegian, 18:00etan.